Esan ohi da hesteak gure bigarren garuna direla, ikerketa berriek agerian uzten dutelako egundoko eragina daukatelako gure burmuinean; oso inerbatuta daude eta nerbio-sistema zentralaren gain eragin handia duten molekulak sistetizatzen dituzte gure hesteek [4][5].
Heste-garunaren bi norabideko komunikazioa konexio immuneen, endokrinoen, humoralen eta neuronalen bidez gauzatzen da. Era berean, hesteetako mikrobiotak garunaren funtzioan eragiten du honako substantzia hauek askatuz: zitokinak, neurotransmisoreak, neuropeptidoak, mezulari endokrinoak eta garrantzi handiko metabolito batzuk (kate laburreko gantz-azidoak eta peptidoglikanoak, besteak beste) [6]. Substantzia horiek garunera iristen dira odolaren, nerbioen eta zelula endokrinoen bidez.
Ikerketa asko egiten ari dira azken urteotan argitzeko zein den heste-floraren eragina (eta heste-floraren aldaketa kaltegarrienarena -disbiosia-) hainbat asaldura neurologiko eta psikiatrikoetan (Alzheimer, Parkinson, autismoa, depresioa, antsietatea...). Ikerketa horietan heste-florarik gabeko animaliak, probiotikoak, antibiotikoak eta infekzio esperimentalak erabili dira mikrobiotaren eragina nerbio-sistema zentralean ikertzeko [7].
Konexioak ditu nerbio-sistema zentralarekin, nerbio bagoaren bitartez, esaterako. Nerbio honek garuna eta hesteen arteko komunikazioa errazten du; adibidez, heste-florak ekoizten dituen molekula batzuk (azido gamma-aminobutirikoa edo GABA) nerbio bagoaren bidez iristen dira garunera, portaera-aldaketak eraginez saguengan (sagu horiei GABAren sintesia areagotzen duen probiotiko bat eman ostean). Aldiz, nerbio bagoa erauzita zuten saguek ez zuten portaera-aldaketa hori erakusten [8] nahiz eta probiotiko bera (Lactobacillus rhamnosus) hartu.
Digestio-aparatuaren inerbazioa jariakin gastrikoen askapenaren arduraduna da. Pavlovek lehenbizikoz frogatu zuen janariak ikusmenaren eta usainaren bidez hautemateak urin gastrikoaren jariakina zakurrengan eragiten zuela [9].
Bestalde, heste-florak ardatz hipotalamiko-pituitario-giltzurrun gainekoaren hainbat hormonen (kortisol, adrenalina...) jarduera moteltzen du. Kortisola, esaterako, estresaren hormona da. Heste-florarik gabeko saguek estres eta antsietate maila handiagoa dute sagu normalen aldean [10]. Estresa eta heste-floraren arteko harremana bi norabidekoa da: hots, estres akutuak eragina du heste-floran ere, aipatutako ardatz hipotalamiko-pituitario-giltzurrun gainekoa aktibatuz eta heste-flora kaltetuz (disbiosia sortuz)
Konexio molekularrak
Heste-florak eta hesteetako zelula espezifiko batzuek heste-garun ardatzean jarduten duten garrantzi handiko molekulak ekoizten dituzte.
Neurotransmisoreak dira horietako batzuk (serotonina, dopamina, azetilkolina...). Hesteetako zelula bereziek sortzen dituzte, eta heste-florak parte hartzen du euren erregulazioan [11]. Neurotransmisoreak nerbio-sistema zentralaren funtzionamendu zuzenerako ezinbestekoak dira, eta horietako batzuk (serotoninak, esaterako) lotuta daude antsietate eta depresioarekin. Serotonina aske gutxi duten gizabanakoek eta aipatutako patologiak dituztenak heste-floraren disbiosia dute sarritan.
Era berean, heste-florarik gabeko saguek dopamina gutxi dutela ikusi da; honek bide berriak irekitzen ditu Parkisonen ikerkuntzan [12].
GABA da beste molekula garrantzitsu bat. Hesteetako mikrobiotak parte hartzen du bere ekoizpenean. GABA nerbio-sistema zentralaren inhibitzaile indartsua da, eta eragin handia du gure portaeran. Ikerketa batzuek frogatzen dute probiotikoak hartzea (GABAren sintesia areagotzen dutenak) eragin positiboa duela antsietatearen kontrolean [13]. Giza-portaeran eragina duten probiotikoei psikobiotiko deritze. Nerbio bagoaren bidez iristen da garunera.
Molekula horietako gehienak, aldiz, hesteetatik odolera pasatzen dira eta muga hematoentzefalikoa ez duten garuneko eremu batzuetara irits daitezke.
Azkenik, heste-florak butirato bezalako kate laburreko gantz-azidoak ekoizten ditu, garrantzi handikoak heste-mukosa eta muga hematoentzefalikoa indartzeko. Butiratoak muga hematoentzefalikoa zeharkatu eta garunera iristen da. Antza, oroimen gaitasuna hobertzen du eta efektu antidepresiboak ere baditu [14]
Immunitate-sistema eta heste-garun ardatza
Immunitate-sistemaren zati garrantzitsu bat heste-mukosari lotuta dago. Dirudienez, heste-florak zeregin oso garrantzitsua burutzen du immunitate-sistemaren garapen eta heltze prozesuan. Heste-florarik gabeko saguek heldugabeko immunitate-sistema dute (gongoil linfatiko txikiak, antigorputzen maila urria...) [15]. Era berean, heste-floraren aldaketek immunitate-sistema suspertu egin dezakete, zitokinen askapena bultzatuz. Zitokina horiek muga hematoentzefalikoa zeharka dezakete eta garunera iritsi, hainbat efektu bertan sortuz: sukarra, hantura, "sickness behaviour" deritzona, etab. [16].
Ondorio klinikoak
Ikerketa ugari burutzen ari dira heste-garun ardatzaren funtzionamendu okerraren balizko ondorio klinikoez. Izan ere, ardatz horretan gertatzen diren desorekak hainbat asaldura neurologiko eta neuropsikiatrikoren atzean egon litezke: antsietate eta depresioa, autismoa, Parkinson gaitza, Alzheimer eta esklerosi anizkoitza, besteak beste [17][13][18]. Ikerketa horiek ez dituzte behin-betiko ebidentziak lortu, hein handi batean animaliekin soilik egin direlako, eta oso gutxi gizakiekin, baina zantzu interesgarri batzuk azaleratu dituzte. Probiotikoak eta gorotz-transplantea erabili dira aipatutako patologiak hobetzeko, emaitza itxaropentsuak eskuratuz. Ikerketa horiek, hala ere, fase esperimentaletik fase klinikora igaro behar dute oraindik, ondo bidean datozen urteetan gerta daitekeena.
Laburpena
Pilatutako ebidentziek zera iradokitzen dute: heste-florak bi norabideko elkarrekintza duela nerbio-sistema zentralarekin eta immunitate-sistemarekin, zuzeneko eta zeharkako bideen bidez. Elkarrekintza horietan ardatz hipotalamiko-pituitario-suprarrenalak, immunitate-sistemak (zitokinek), nerbio-sistema autonomoak, nerbio-sistema enterikoak eta heste-florak parte hartzen dute [19].
↑ Dinan, T.G.; Cryan, J.F. (2015). "The impact of gut microbiota on brain and behavior: implications for psychiatry". Curr Opin Clin Nutr Metab Care. 18 (6): 552–558.
↑ Bravo JA, Forsythe P, Chew MV, Escaravage E, Savignac HM, Dinan TG, et al. Ingestion of Lactobacillus strain regulates emotional behavior and central GABA receptor expression in a mouse via the vagus nerve. Proc Natl Acad Sci U S A 2011; 108: 16050-5
↑ Smeets, PA; Erkner, A; de Graaf, C (November 2010). "Cephalic phase responses and appetite". Nutrition Reviews. 68 (11): 643–55
↑ Becerril, L.E., Villanueva, M., Hernández Gutiérrez, E. Granados Camacho,I. Álvarez García,L. Pérez Tapia,S. Pavón Romero, L. Los efectos conductuales modulados por las citocinas Salud Mental, vol. 35, México (2012)