Hawaii[1] (ingelesezHawaii eta hawaiierazHawai‘i) Ameriketako Estatu Batuetako estatu bat da, AEBko 50 estatuetan berriena. Polinesiako uhartedi bat da, Ozeano Bareko ipar-erdialdean kokatua, Kantzer tropikotik hegoaldera. Sandwich uharteak izena izan zuen garai batean.
Gaur egun, jatorrizko biztanle polinesiarrak biztanle guztien % 1,5 eta mestizoak % 13,5 besterik ez dira, eta kanpotik etorritako talde jendetsuenak, berriz, japoniarrak (% 30), kaukasoarrak (% 30) eta filipinarrak (% 11) dira. Honolulun biltzen da biztanleen % 82.
Orografia
Koralezko hogei uhartetik gora daude uhartedian, ipar-mendebaletik hego-ekialdera lerrokaturik. Zortzi hauek dira aipagarrienak: Niihau, Kauai, Oahu, Molokai, Lanai, Kahoolawe, Maui eta Hawaii. Guztiek jatorri bolkanikoa dute; Mauiko Haleakala sumendiak munduko krater itzalirik zabalena du. Hawaii uhartean, garaiera handiena duen sumendia itzalita dago: Mauna Kea (4.208 m). Kilauea sumendiak du uharteko kraterrik handiena. Mauna Loa (4.170 m), berriz, laba-alderik zabalena (5.120 km² inguru). Erupziorik sonatuenak: Mauna Loa (1832tik aurrera hiru urte eta erdian behin; 1914, 1935, 1950, 1975, 1984), Kilauea (1924, 1954, 1960).
Klima
Tropikala: euri-jasa handiak tarteka, eta eguzkitsua oro har. Ipar-ekialdeko alisioak eta uharteen garaierak latitudeari legokiokeena baino klima hotzagoa eragiten dute, eta tenperatura-gorabeherak berdintzen.
Ekonomia
Nekazaritza eta turismoa dira ekonomiaren oinarriak. Honolulu inguruan munduko turismogunerik handienetako bat dago (2,8 milioi bisitari urteko). Ekoizpen nagusiak azukre-kanabera eta anana dira. Eskulangintza, guztiz teknifikatua, enpresa handi gutxi batzuen eskuetan dago. Abere-hazkuntza, kafea, lore-ekoizpena eta arrantza garrantzi gutxiagokoak dira, baina hango premiak asetzeko adinakoak.
Historia
James Cookek uhartedia aurkitu zuenean (1788), lau erreinutan zatitua zen. Handik gutxira, Kamehameha I.a (1782–1819 bitartean errege) ia lurralde osoaz jabetu zen, eta administrazio bakarra ezarri zuen. Erregetzak 1893 arte iraun zuen. Bitartean, potentzia kolonialen arteko gatazkak bizi izan ziren Hawaiin, AEBko, Frantziako eta Britainia Handiko misiolariek, merkatariek, diplomazialariek eta abarrek esku hartzen baitzuten bertako arazoetan.
1893an, atzerritarrek osaturiko batzorde batek Liliuokalani erregina egotzi, eta 1898an AEBen mendeko lurralde bihurtu zen. 1922tik aurrera, berebiziko garrantzia izan zuen uhartediak, AEBko armadaren Ozeano Bareko ardatz bihurtu baitzen Pearl Harbour basea. 1941eko abenduaren 7an, Japoniako armadak Pearl Harbourko gerra-portua bonbardatu zuen. Galera gogorrak eragin zizkieten estatubatuarrei, eta, horren ondorioz, AEB zuzenean gerran sartu zen. 1959an, Hawaii AEBko estatu bihurtu zen; 50.a, hain zuzen.
Uharteak
Uhartedia ekialdetik mendebaldera honako uharteek osatzen dute: