Hama Amadou (Youry, 1950 – Niamei, 2024ko urriaren 23a) nigertar politikaria izan zen. Nigerko lehen ministroa izan zen 1995etik 1996ra eta 2000tik 2007ra.
Seyni Kountchéren erregimenean irrati-telebista publikoaren zuzendaria eta kabineteburua izan zen eta Ali Saibouk Informazio ministro izendatu zuen. 1991tik 2001era Gizartearen Garapenerako Mugimendu Nazionala alderdiko idazkari nagusia izan zen, eta 2001etik 2009ra lehendakaria.
1993an diputatu hautatu zuten, eta 1995etik 1996ra lehen ministro izan zen. Bere agintaldian maiz izan zituen gatazkak Mahamane Ousmane presidentearekin. 1996ko urtarrilean kolpe militar baten ondorioz kargutik kendu zuten, eta bi urte eman zituen espetxean.
1999an diputatu hautatu zuten berriro, eta 2000ko urtarrilean lehen ministro izendatu zuten. 2007ko maiatzean, konfidantza mozio bat galdu zuen ustelkeria egotzita, eta denbora bat eman zuen kartzelan.
Mahamadou Issoufou presidentearen aurkari nagusia izan zen. Haurtxo trafikoa leporatu zioten eta Frantzian erbesteratu zen. 2016ko eta 2020ko hauteskundeetan hautagai izan zen, eta behin betiko itzuli zen Nigerrera, 2023ko estatu kolpearen ostean.