Gustavo Adolfo Bécquer, jaiotzez Gustavo Adolfo Claudio Domínguez Bastida (Sevilla, Andaluzia, 1836ko otsailaren 17a - Madril, 1870eko abenduaren 22a), Erromantizismoko poeta narratzaile espainiarra izan zen. Jose Domínguez Insausti margolari ospetsuaren semea zen. Txikitatik aitaren marrazkiez inguraturik egon zen eta, horren ondorioz, margolanetarako zaletasuna hartu zuen. Haren ustez, margolanek sentimenduak hobeto adierazten dituzte, idatziek baino. Bere barneko mundua islatu egiten du eta bere teknika nabarmendu egiten da. Lan gehienetan bizitzari eta bizitzaren zentzuari buruz hitz egiten du. Lan garrantzitsuenak "Las Rimas" eta "Las Leyendas" dira.
Biografia
Sevillan jaio zen 1836an eta hogeita hamalau urterekin Madrilen hil zen, 1870ean. Umezurtz geratu zen hamar urterekin. Sevillan igaro zuen haurtzaroa eta gaztaroaren parte bat. 1854an Madrila aldatu zen. Lehenbiziko urteetan estuasun handiak pairatu zituen Madrilen eta kazetari bezala lan egin behar izan zuen bizitzeko; hainbat egunkari eta aldizkaritan idatzi zuen garai hartan: El porvenir egunkarian, eta La España musical y literaria eta El correo de la moda aldizkarietan besteen artean.
Hogeita bat urte zituela, ordea, gaixotu egin zen, tuberkulosiak jota. Eri zegoela idatzi zuen bere aurreneko elezaharra: El caudillo de las manos rojas. 1861 eta 1865 artean elezahar ospetsu gehienak idatzi zituen, baita errima batzuk ere. Hitz lauz ondu zituen lanen artean Leyendas liburua aipagarria da, hogeita zortzi kontakizun biltzen dituena. Hala ere, Bécquerrek entzute handiagoa du olerkari gisa, hitz lauzko idazle gisa baino. Errealismoa puri-purian zegoen garaian, erromantiko beranta izan zen. Lirikotasun handiko poeta izaki, Bécquer hartzen da Espainiako lirika modernoaren aitzindaritzat, eta eragin sakon bezain zabala izan du espainiar olerkariengan.
1871n, bera hil ondoren, lagun batzuek Rimas izeneko liburuan bildu zituzten haren olerkiak. Laurogeita lau poema labur dira guztira, hainbat aldizkaritan han-hemenka argitaratuak. Bécquerren poesia formaz laua eta apaindura handirik gabea da, baina zorroztasunez adierazten ditu bere sentimendu sakonak. 27ko belaunaldiko poetek Bécquer eredutzat hartu zuten. Hala, maitasunaren trataera sotil neurtua, haren olerkien erritmoa, musikaltasuna eta iradokizun indarra dira Antonio Machadok, Juan Ramón Jiménezek, Salinasek, Cernudak eta beste hainbatek ikusi zizkioten balioak.
Erreferentziak
Kanpo estekak