Guizhou (贵州 txinera sinplifikatuz), Txinako Herri Errepublikako probintzia baten izena da. Probintziak 176.100 kilometro koadroko azalera dauka eta 2004ko erroldaren arabera 39.040.000 biztanle bizi ziren bertan. probintziako hiriburua Guiyang da.
Inguru naturala eta kokapena
Guizhouk Sichuan probintzia eta Chongqingeko udaltasunarekin egiten du muga iparraldean, Yunnan probintziarekin mendebaldean, Guangxi probintziarekin hegoaldean, eta Hunan probintziarekin ekialdean.
Probintzia menditsua da, baina ekialde eta hegoaldeko guneak nahiko lauak dira. Probintziarekin mendebaldeko zatia Yunnan-Guizhou lautadaren zati da. Probintziako hiririk garrantzitsuenak Anshun, Kaili, Zunyi, Duyun, Liupanshui eta Qingzhen dira. XX. mendearen amaieran, probintziaren erliebe zaila dela eta, herri askok ez zuten errepiderik oraindik.
Erliebe menditsua izateaz gain, kobazulo ugari aurki daitezke probintziaren mendebaldean, Longgong kobazulo sarea esaterako probintziako garrantzitsuenetakoa da.
Klima
Guizhou Txinako Herri Errepublikako probintziarik euritsuenetakoa da, urteroko egun euritsuak gunerik menditsuenetan 270 baino gehiago dira. Batez-besteko tenperatura 10 eta 20 gradu bitartekoa da urtarrilean, eta 17 eta 28 gradu artekoa uztailean.
Euria urte osoan zehar jausten den arren (2.000mm inguru), prezipitazioen erdia baino gehiago ekaina eta iraila bitartean jausten da, Asia hegoaldeko montzoiarekin batera.