1936an, jada Italiako Giro bat lortua zuela, Bartali txirrindularitza uzteko puntuan egon zen bere anaia Giulioren heriotzaren ondorioz. Txirrindularitzaren zale guztien zorionerako, Gino Bartalik lehiatzen jarraitu zuen.
Fausto Coppiren arerio nagusia izan zen, italiarrak banatzen zituen lehia, politikoki zein erlijiosoki (euren pentsaera politiko erlijiosoak ere aurkakoak ziren). Alabaina, elkarren arteko lehia horrez gain, Coppi eta Bartaliren artean bazegoen adiskidetasuna, talde berean egon ziren urte askoan, eta, askotan, batak bestearen laguntzaile lana egin zuen eta alderantziz. 1949ko Frantziako Tourra, Coppik irabaziko zuena Bartaliren aurretik, honen adibiderik esanguratsuena izan daiteke. Bi txirrindulari italiar hauek lasterketa Alpeetan txikitu zuten, baina beti "eskutik".
Bigarren Mundu Gerrak bere kirol karrera eten zuen. Gerra honen aurretik, 1939an ezin izan zuen 1938an lortu zuen Frantziako Tourra defendatu. Gino Bartalik, baina, mendeku hartu zuen 1948an, bere bigarren Tourra oso modu ikusgarrian lortuz, zazpi etapa garaipen lortuta. Bi garaipen hauekin, egundaino, bi Tour hamar urteko diferentziaz irabazi dituen txirrindulari bakarra da.
Bartali eskalatzaile bikaina izan zen, Italiako Giroko mendiko sailkapen nagusiko lehena zazpi aldiz izan zelarik, eta Tourrekoa bi aldiz. Aitzindaria izan zen Campagnolo martxa aldaketa sistema erabiltzen. Aurretik, bizikletek bi plato izaten zituzten eta horien artean egin beharreko aldaketa eskuz egin behar zen, horretarako gelditu egin behar zelarik. Sistema berri honekin, txirrindulariak plato aldaketa bizikleta gainetik jaitsi gabe egin zezakeen. Ekintza hau, azkar, Bartali eraso bat jotzeko prest zegoela adierazten zuen seinale bihurtu zen.
Itzuli Handietan lortu zituen garaipenez gain, Bartalik Italiako Txirrindularitza Txapelketa Nazionala bost aldiz irabazi zuen, baita zenbait klasiko ere, Milan-San Remo eta Lonbardiako Giroa kasu.