Gilbert eta Ellice uharteak (ingelesez: Gilbert and Ellice Islands) antzinako kolonia britainiarra izan zen, Ozeano Bareko mendebalean, erdian, ekuatorearen bi aldeetara. Hogeita hamazazpi atoloiz eta uhartez osatua da. Zati batean gaurko Kiribati errepublika (hiriburua: Tarawa) hartzen zuen, eta Tuvalu uharteak (hiriburua: Fongafale). Koral eta fosfato multzo bat den Ozeano uhartea izan ezik, garaiera txikiko uhartez osaturik dago uhartedia. Uharte gehienak oihanez estaliak daude (kokoa). Esportazio nagusiak kopra eta Ozeano uharteko fosfatoak dira.
Lehen uhartea, Nikunau, 1765ean aurkitu zuen J. Byron-ek; gainerako uharteak Gilbert eta J. Marshall kapitainek aurkitu zituzten 1788an. Lehenago, beharbada, espainiarrek ikusiak zituzten uharte haiek. Britainia Handiak bere babespeko uhartedi egin zuen 1892an, eta 1915ean bereganatu zuen kolonia moduan. Ellice Uharteak 1975ean banatu eta 1978an erabat independizatu ziren Tuvalu izenaz; Gilbert Uharteek 1979an lortu zuten askatasuna, Kiribati izena harturik.