Gamarrako hilketak 1982ko urriaren 16an izan ziren. Victoriano Agiriano eta Maria Angeles Barandiaran senar-emazteak hil zituen Espainiako Poliziak Gasteizko Gamarran, errepide kontrol batean. Zabaldu zuten bertsioaren arabera autoarekin kontroletik ihes egiten saiatu ziren, baina prozesu judiziala berehala itxi zuten lekukorik gabe. Horrez gain, gezurren bidez bikotearen izena zikintzeko ahalegina egin zuten hedabide eskuindarren laguntzarekin. Biharamunean greba orokorra egin zuten Debagoienan, eta istilu handiak izan ziren Bergaran Poliziaren eta manifestarien artean.[1]
Bertsio ofiziala
Bertsio ofizialaren arabera, urriaren 16an, 21:30 aldera, bikotearen autoak Gamarrako Ataria zeharkatu zuenean ez zizkion kasurik egin agenteen seinaleei, eta “uno de los integrantes del equipo policial efectuó varios disparos con su CETME que alcanzaron a los ocupantes del vehículo y resultaron muertos en el acto”.[2]
Gezurren kanpaina
Gobernu Zibilak ez zuen albistea zabaldu komunikabideetara gaueko ordu bata arte; gainera Victoriano ohiko gaizkile bezala aurkeztua izan zen, El Correoren arabera "ohiko gaizkilea zen, iturri ofizialek jakinarazi dutenez".[3]
. Hurrengo egunetan zabaldu zen tabakoaren kontrabandoarekin lotura zuela, eta autoan 3.500 tabako-kutxa aurkitu zutela. Victoriano Tabacalerako banatzailea zen, eta familiak aitortu zuten behin atxilotua izan zela, baina kontrabandoa orduan ez zen delitua, falta bat besterik ez.[2]
Informazio horren zabalpena ez zen kasualitatea bat izan, hilketen ostean ospatutako Orden Publikoaren Batzarraren aktan jasotzen duenez, gobernadoreak aipatu zuen: “deberá agradecerse al Delegado de Hacienda su colaboración al facilitar la información sobre la Sentencia del Tribunal de Contrabando en la que se condenaba a uno de los fallecidos…”.[2]
Lasarten ere bai
Egun berean, Marcelo Garziandia larri zauritua izan zen Lasarten, beste kontrol batean. Hiru egun geroago hil zen.[2]
Erantzuna
Hurrengo egunetan kontrolak mantendu ziren hirian, baita Victoriano eta Maria Angeles hil zuten leku berean ere. Dena dela, gertakariek oihartzun handia eduki zuten Deba Goienan eta Gasteizen. Bergaran greba orokor bat izan zen eta udalbatzak bertsio ofiziala zuzendua izan zedila eskatzeaz aparte, baieztatu zuen: “Victoriano Aguiriano Cortázar ez zen inolako gaizkilea, Bergarako langile zintzo eta bizilaguna baizik eta oso estimatua herrian.”[4] Gasteizko udaletxean, aldiz, HBko zinegotziek itxialdi bat egin zuten alkateak ez-ohiko udalbatza bat ez zuelako deitu nahi, eta geldialdiak egon ziren hainbat institututan ere.[2]
Gaur egun
Instituzioen aldetik, familia guztiz babesgabetua geratu zen urte askotan, lehenengo aitorpena 2008an izan zen Eusko Jaurlaritzak motibazio politikoko indarkeriak eragindako urraketen biktimak bezala izendatu zituenean, eta 2016an Gasteizko Udalak omenaldi bat egin zien senitartekoei.[2] [5]
Erreferentziak
Kanpo estekak