Ferenc Puskás Biro (Budapest, Hungaria, 1927ko apirilaren 2a - 2006ko azaroaren 17a) futbolaria izan zen, futbolaren historiako jokalari onentsuenetako bat. Haren jaiotzako deitura Purczfeld zen, baina Bigarren Mundu Gerraren ondoren horren ordez Puskás jarri zuen (hungarieraz, «eskopeta»).
Aurrelaria zen, sormen eta eraginkortasun handikoa. Hungariako selekzioarekin 85 partidu jokatu zituen, eta 84 gol sartu. Gainera, Espainiako eta Hungariako futbol ligetan 511 gol sartu zituen jokatutako 533 partidetan.
Jokalari nagusietako bat izan zen 1950eko hamarraldiaren hasieran futbol selekzio onenean, baina Suitzako munduko txapelketan (1954) bigarrena izatea baino ez zuen lortu. 1956an, sobietarren inbasioaren ondoren, Puskas —nazioarteko 84 partidatan parte hartua ordurako— Real Madril taldean jokatzera joan zen, Alfredo Di Stefano, Raymond Kopa eta Francisco Gentorekin batera, besteak beste. Jokalari haiek futbolaren historiako aurreko lerro onenetako bat osatu zuten.
Espainiako selekzioarekin Txileko munduko txapelketan parte hartu zuen, 1962an. Jokalari izateari utzi ondoren, zenbait futbol talderen entrenatzailea izan zen, Grezian eta Australian.
Palmaresa
Hungariako lau liga irabazi zituen, Honved taldearekin, eta Espainiako sei liga eta Kontinente arteko Kopa eta Europako Kopa bana, berriz, Real Madrilekin.
Ikus, gainera
Erreferentziak