Europako Kontserbadore eta Erreformistak (ECR)[6] Europako Legebiltzarreko talde euroeszeptiko[7][8][9] eta eurofederalismoaren aurkakoa[7][8][10][11][1] da. ECR Europako Kontserbadore eta Erreformisten Alderdiaren (ECR Party) legebiltzarreko taldea da; baina, horretaz gain, beste lau alderdi politikoren eta ezein europar alderdi politikoren kide ez diren hamahiru eurolegebiltzarkide barne hartzen ditu.
Ideologiari dagokiola, oro har, talde euroeszeptiko, eurofederalismoaren aurkakoa eta eskuindarra da.[12] ECR-ren helburu nagusiak dira, batetik, Eurorrealismoa oinarri hartuz, Europar Batasuna (EB) neurri barik integratzearen eta EB europar superestatu federal bilakatzearen aurka egitea,[13] eta, bestetik, merkatu askeko politikak eta immigrazio-kontrol zorrotzagoak aldeztea. ECR-ren barnean, jarrera antifederalista eta eurorrealista edo eurokritikoari atxikitzen zaizkion alderdi kontserbadore sozialen, eskuindar populisten, kontserbadore liberalen, kristau-demokraten, naziozaleen eta kontserbadore nazionalen joerak daude. ECR-ren barruko alderdi batzuk euroeszeptizismo biguna sustatzen dute, hau da, EBren erreforma demokratikoa eta haren aginte batzuk eta burokrazia murriztea eskatzen dute, merkatu askeari eta estatuen arteko lankidetzari eutsita.[14] Beste alderdi eta eurolegebiltzarkide bakar batzuk Batasunetik guztiz irtetea, EBko kidetza atxikitzeko erreferendumak eta Eurogunetik irtetea aldezten dute.[15][16]
ECR Europar Erreformaren aldeko Higikundearen inguruan sortu zen, 2009ko Europako Legebiltzarrerako hauteskundeen ostean, Erresuma Batuko Alderdi Kontserbadorearen buruzagi David Cameronek eskatuta. Gaur egun, Europako Legebiltzarreko seigarren talderik handiena da, 16 herrialdetako 62 legebiltzarkiderekin.
Orain, eurolegebiltzarkide-kopuruari dagokiola, alderdirik ugariena Poloniako Legea eta Justizia (PiS) da.