Euripides (antzinako grezieraz: Εὐριπίδης; Salamina, Antzinako Grezia, K.a. 480 – Pella, K.a. 406) poeta tragikoa izan zen. Bere garaikideek eszeptikoa zela aurpegiratu zioten, jainkoei jaierarik ez ziela, Greziako mitoak ez zitzaizkiola axola. Gerrak ahuldutako Atenas batean, jendeak tradizioak, legeak, erakundeak, antzinakoengandik jasotako morala gutxiesten zituen unean idatzi zuen Euripidesek. Nahiago zituen deskribatu gizakien grinak eta beren barneko izaera, antzinako heroien handitasun tragikoa goraipatzea baino, eta hartaz, Euripidesek bat egin zuen bere belaunaldikoekin. Hil ondoren lortu zuen ospea da horren lekukorik garbiena.
Bizitza
Haren jatorriaz, bizitzaz, eta heriotzaz nahiko datu gutxi dago, eta sarri asmo txarrez esandakoak ezagutzen dira. Sokratesen adiskidea zen. Filosofoen eta sofisten irakatsiak entzun zituen, poesia eta antzertia idazten hasi aurretik. K.a. 455ean aurkeztu zituen, lehen aldiz, hiru obra Dionisoren omenetako lehian, Atenasen. Hirugarren geratu zen. Eskilo, Euripidesen areriorik gogorrena, urte horretan hil zen.
Bizi zela, ez zuten bere garaikideek aintzat hartu; baina Mazedoniako Arkelao erregearen gortean hil ondoren, Euripidesen ospea Grezia osora hedatu zen.
Lanak
Idatzi zituen laurogeita hamabi obretatik, hemezortzi heldu dira gaurko eguneraino. Noiz idatzi zituen, batzuetan zail da zehazten. Hiru taldetan bana daitezke obra horiek:
- Hasteko, formaz eta edukiz klasikoak direnak: Medea (431), Hipolito (428), Ifigenia Aulisen (405) eta Bakanteak (405).
- Bigarren, tragedian teknika-berrikuntzak dakartzanak: Alzeste (438), Ion (418), eta Elektra (413).
- Eta, azkenik, garai hartan gertatzen ari zena jasotzen duten obrak: Heraklideak (430), Andromaka (426), Troiarrak (415) eta Helena (412).
Oraindik beste zenbait tragedia gaineratu behar dira: Hekuba (424), Erregutzaileak (424), Herakles haserre (424), Ifigenia Tauriden ( 414), Feniziarrak (410) eta Orestes (408).
Data ezaguna ez bada ere, Euripidesek drama satiriko bat idatzi zuen, Ziklopea.
Erreferentziak
Kanpo estekak