Espainiako Guardia Gorri Gaztea edo Gudari Gorri Gaztea (gaztelaniaz: Joven Guardia Roja de España; JGRE) Espainian frankismoaren azken urteetan sortutako eta trantsizioan garatutako gazte antolakunde politikoa izan zen. Espainiako Lanaren Alderdiak (PTE) sortu zuen, bere gazte erakunde gisa[1][2].
1973an Espainiako Alderdi Komunistak (internazionala) edo PCE(i)k sortu zuen JGRE. Alderdi honek bi gazte erakunde sortu zituen aldi berean: Goardia Gorri Gaztea (JGR), gazte langileentzat pentsatua eta Unibertsitateko Gaztedi Iraultzailea (JUR) bestetik[3], ikasle mugimendu gisa. Bi erakunde aldi berean sortzearen arrazoia PCE(i)k unibertsitatean zuen eragin maila zen.
1975an PCE(i)k izena aldatu zuen eta PTE hartu zuen hortik aurrera. Bi gazte erakundeak batu zituen, eta Espainiako Goardia Gorri Gaztea izena jarri zioten.
1978an lehen kongresua egin zuten Madrilen, eta ezkerreko alderdi guztietako gazte erakundeen antolaketa bakarra egitea proposatu zuten. JGREk beste bi elkarte bultzatu zituen: Gazteriaren Elkarte Demokratikoa (ADJ), 1976an erakundearen barnean antolatu zena eta Soldaduen Elkarte Demokratikoa (UDS).
1979an ORT eta PTE batu ziren, Langileen Alderdia (PTE-ORT) sortzeko, baina 1980an desegin zen. Afiliatu gehienak beste alderdi batzuetara joan ziren, hala nola Espainiako Herrietako Alderdi Komunista, Espainiako Alderdi Komunista, Ezker Batua edo erakunde sozialetara. Gazte Maoisten Batasuna (UJM) eta JGRE urte berean disolbatu ziren.
Idazkari orokorra Pina López-Gay izan zen[4][5], beranduago Amerikaren Aurkikuntzako V. Mendeurreneko Batzordearen zuzendari izango zena[6].
JGREren kide izan ziren André Trapiello idazlea[7], Juan Carlos Girauta Cs alderdiaren burua[8], edo Íñigo Errejón politikariaren gurasoak[9]. Militante izan ziren ere Javier Verdejo Lucas, Granadako Unibertsitateko ikaslea, 1976an Guardia Zibilak erail zuena, edo Arturo Ruiz García, ultraeskuindar batek 1977ko urtarrilaren 23an erail zuena amnistiaren aldeko manifestazio batean.[10].