Erromako Klubagobernuz kanpoko erakunde bat da, 1968an Italiako hiriburuan sortua, egoitza nagusia 2008tik hona Suitzan duena. Erakundearen sorrera hainbat ikerlarik, politikarik eta zientzialarik bultzatu zuten, epe luzean mundua hobetzeko nahiarekin. Erromako Klubaren kezka nagusienetako bat hazkunde demografikoa da; haien hitzetan, II. Mundu Gerraren ostean, sekulako hazkunde demografikoa izan zen, eta horrek era askotako kalteak eragin zituen naturari, edo elikagaien segurtasunari dagokienez. Horrela, hazkunde demografikoa geldiarazteko beharra defendatzen dute.
Erromako kluba "zientzialariek, ekonomialariek, enpresaburuek, nazioarteko goi-kargudunek, bost kontinenteetako estatuburuek eta estatuburu ohiek" osatzen dute, sinetsita baitaude ez dagoela behin betiko erabakita giza espeziearen etorkizuna, eta gizaki bakoitzak gure gizarteen hobekuntzan lagun dezakeela.
Sorrera
Erromako kluba Aurelio Peccei italiar enpresaburuak eta Alexander King eskoziar zientzialariak sortu zuten 1968ko apirilean. Akademia munduko pertsonak, gizarte zibileko pertsonak, diplomazia arlokoak eta industriako alorretako nazioarteko talde txiki bat Villa Farnesinan bildu zenean sortu zen, Erroman, hortik izena.
Problemátique
Frantsesezko hitza erabiltzen zuten garai hartan zeuden hazkunde ekonomikoari lotutako ingurumen problemen multzoa izendatzeko. Aurelio Peccei eta enparauek ikusten zuten nazioarteko problematika izan zen kluba eratzeko kausa nagusia. Beren ustez, gizadiaren arazoak ikusita —ingurugiroaren hondamena, pobrezia, osasun problema endemikoak, indarkeria, basakeria, ankerkeria—, problemak indibidualki, isolamenduan, ikusita edo "bakoitza beren moduan konpontzeko moduan" bezala ikusita, konpontzeko oso zailak ziren. Problema guztien artean harremanak zeudela uste zuten. "Meta-problema orokortu hau da (edo problemen meta-sistema) deitu duguna, eta jarraituko duena Problemátique deituko diogu, gure egoeran dagoen problemen multzoa".[1]
1970. urtean, Aurelio Peccei eta bere taldekideen ikuspegia dokumentu batean zehaztu zen, dokumentua Hasan Özbekhan, Erich Jantsch, eta Alexander Christakis egileek sinatu zuten. Dokumentuaren izenburua (Ingelesez)The Predicament of Mankind; Quest for Structured Responses to Growing Worldwide Complexities and Uncertainties: A PROPOSAL. Dokumentu hau bi urte geroago oso ezaguna bihurtuko zen Hazkundearen mugak ikerketa lanaren aurrekaria izan zen.
Erromako Klubak nazioarteko interes publikoa piztu zuen 1972an The Limits to Growth (Hazkundearen mugak) klubak sustatutako lehen txostenarekin. Txostena argitaratu eta hurrengo urtera, 1973ko petrolioaren krisia gertatu zen, eta krisi honek txostenean aurreikusten ziren kontu batzuk eztabaidatzeko gogoak piztu zituen. Txostenak 30 milioi ale saldu zituen, 30 hizkuntza baino gehiagotan. Bere garaian txosten hau izan zen historiako ingurumen eta ekologia-libururik arrakastatsuena.[2]
The Limits to Growth argitaratu aurretik ere Eduard Pestel eta Mihajlo Mesarovic, -Case Western Warve Unibertsitatekoak-, eredu askoz ere landuago batean hasi ziren lanean (hamar mundu eskualde bereizten zituen eta 200.000 ekuazio biltzen zituen, Meadows modeloaren 1.000 zenbakiarekin alderatuta). Ikerketak klubaren babes osoa zuen eta bere azken argitalpena, Mankind at the Turning Point, 1974ko Erromako klubaren "bigarren txosten ofiziala" bezala onartua izan zen[3]. Pestelek eta Mesarovicek, eskualdeka zehaztasun finago bat egiteaz gain, datu sozialak eta teknikoak integratzea lortu zuten. Bigarren txostenak jatorrizko The Limits to Growth planetako aukerak berrikusi zituen, eta ingurumenaren etorkizunerako aurreikuspen baikorragoa eman zuen, tartean zeuden faktore asko giza kontrolaren barruan zeudelako, beraz, ingurumen- eta ekonomia-hondamendia prebenitzeko edo saihesteko modukoak zirela ohartaraziz.
1991ean, Erromako klubak The First Global Revolution txostena argitaratu zuen. Munduko gizateriaren arazoak aztertzen zituzten, berriro ere, arazoei kolektiboki edo funtsean Problemátique deituz. Ohartu ohi da, historikoki, batasun sozial edo politikoa komuneko etsaiek indartu izan dutela: "Etsaiak behar izateak badirudi faktore historiko komun bat dela. Estatu batzuek etxeko porrota eta barne-kontraesanak gainditu nahi izan dituzte kanpoko etsaiei errua botaz. Pagaburu bat aurkitzeko asmoa gizateria bera bezain zaharra da, etxean gauzak zailegi bihurtzen direnean, kanpora arreta desbideratzen denean. Estatu bakoitza hain ohitua izan da lagun edo etsai gisa auzokoak sailkatzera, non etsai tradizionalen faltak pagabururik gabe utzi baititu gobernuak eta iritzi publikoa. Etsai berriak identifikatu behar dira, estrategia berriak irudikatu, eta arma berriak asmatu.[4] "Bat egin dezakegun etsai komun baten bila hasten bagara, ideia hau bururatu zitzaigun: kutsadurak, berotze globalaren mehatxuak, ur-eskasiak, goseteak eta antzekoek bat egingo zutela egitasmo bateratuarekin. Beren osotasun eta elkarrekintzetan, agerpen horiek mehatxu komun bat osatzen dute, mundu guztiak aurre egin behar diona. Baina arrisku horiek etsaitzat izendatzean, tranpan erortzen gara, eta horretaz ohartarazi ditugu jadanik irakurleak, hau da, sintoma okerrak kausentzat. Prozesu naturaletan giza esku-hartzeak sortzen ditu arrisku horiek guztiak, eta jarrera eta portaera aldakorren bidez bakarrik gainditu daitezke. Benetako etsaia, orduan, gizateria bera da."[4]
2001ean Erromako Klubak "Think tank" (pentsamenduaren, hausnarketaren gordailu) bat ezarri zuen, "Tt30" izenekoa, 30 bat gizon eta emakumek osatua, 25 eta 35 urte bitartekoak. Munduan dauden arazo larrienak identifikatzea eta konpontzeko proposamenak egitea zen helburua, gazte jendearen ikuspuntutik.
Graham Turnerrek, 2008an, CSIRO Australiako ikerketa-organismoaren laguntzaz, ikerketa batean egiaztatu zuen, "30 urteko datu historikoak aztertuta, txostenean "standard run" scenario edo business-as-usual (ikusi eskuineko grafikoa) izendatzen zen eszena-tokiarekin nahiko parekatuta daude gaur egungo datuak, hau da txostenean aipatzen ziren eta ezinbestean hartu beharreko neurriak ez direla hartu baieztatzen zuen.[5]
Antolaketa
Erromako klubak 35 bat azpitaldetan antolatzen da, mendebaldeko zenbait Estaturi lotutako taldeak. Talde bakoitzaren eginkizuna da ideiak eta ikusmoldeak beren herrialdeetan zabaltzea, irtenbideak eskaintzea eta proposatzea ekonomia jasangarriago eta bidezkoago bat.