Lepus edo Erbi lagomorfoen ordenako generoetako bat da. Oso azkarrak dira, belarri handiak dituzte eta untxiek ez bezala ez dituzte zuloak egiten euren kumeak hazteko.
Ezaugarriak
Erbiak atzeko hankak eta belarriak luzeak dituzten animalia lirainak dira, korrikarako eta salto luzeak emateko moldatuak. Genero honek orokorrean belarriak luzeak baditu ere, luzera edo tamaina hori espeziearen arabera asko alda daiteke eta normalean klima beroko (basamortuetako) espezieek belarri askoz luzeagoak dituzte; Lepus californicus horren adibide litzateke. Kontrakoa gertatzen da klima eta eremu hotzetan bizi direnekin, klima hotzetan belarriak proportzionalki txikiagoak dira eta untxien belarrien tamainakoak izatera hel daitezke, erbi artikoa horren adibide da. Erbi espezie guztiek entzumen zorrotza dute eta hau da harrapariengandik ihes egiteko erabiltzen duten zentzumen nagusia; horrez gain, usaimena eta ikusmena ere fina dute. Harrapari bat sumatzean ihesaldi bizkorra egiten dute bere antzeko hanka luze eta indartsuen laguntzaz. Abiadura handian korrika egiteaz aparte lasterketan daudenean uste gabeko erritmo eta noranzko aldaketa bizkorrak egiteko gai dira, bere harraparia nahasteko asmoz.
Erbien tamaina eta ilaje-kolorea espeziearen araberakoa da baina espezie guztiak daude kamuflajerako moldatuta. Hori horrela izanik, adibidez erbi artikoak bere ilajearen kolorea urtaroari lotuta dauka; udaberri eta udan arre kolorekoa, udazkenean grisaxka eta neguan zuria duelarik.
Belarjalea da eta bere dieta untxiaren antzekoa da.
Abiadura
Erbiak animalia bizkorrak dira, 80 km/h-ko abiadura har dezakete distantzia laburretan espezie azkarrenek[1]. Distantzia luzeagoetan abiadura murriztu egiten da baina bizkorrak izaten jarraitzen dute, batez ere bere tamaina txikia kontutan hartuz gero. Erbi arruntek 55 km/h-ra lasterka egin dezake distantzia luzeetan[2], distantzia laburretan 70 km/h-ko maximoak hartuz[3]. Ipar Amerikako erdialdean eta mendebaldean dauden 5 erbi espezieek 65 km/h-ra lasterka egin dezakete eta prozesuan 3 metroko jauziak eman[4].
Biologia eta ekologia
Erbiak animalia bakartiak dira baina beste aleen presentzia onartzen dute eta indibiduoen arteko borrokak araldian bakarrik ematen dira.
Araldian arrek ia ez dute ezer jaten eta ugaltzeko aukera izateko borrokan ibiltzen dira gehienbat, borroka horietan aurreko hankekin elkar kolpatzen dute "boxeo erritual" antzeko batean. Emeak ere borrokatzen dira arren kontra hauei uko egiten badiete.
Erbi espezie guztiak oso emankorrak dira eta kume goiztiarrez erditzen dira. Kumaldi bakoitzean 3 eta 8 kume bitarte izaten dituzte eta normalean eme bakoitza urtean zehar 4 kumaldi baino gehiago izatera heltzen da.
Erbiek harrapari natural asko dituzte, beren harrapari natural nagusiak ugaztun karniboroak (kanidoak, felidoak eta mustelidoak) eta hegazti harrapariak (arrano handiak, hontz handiak, aztoreak...) dira. Horrez gain genero zinegetikoa da mundu osoan eta beraz gizakiak ere ehizatu egiten ditu espezie gehienak. Zonalde batzuetan erbiak tularemia gaixotasunaren igorleak izan dira, gizakiari transmiti dakiokeen gaixotasun infekzioso bat.
Banaketa eta habitata
Ozeanian eta Antartikan izan ezik gainontzeko kontinente guztietan zabalduta dago genero hau modu natural batean. Aipatu beharra dago gizakiak berriki erbiak Australian sartu dituela, nahiz eta bere banaketa naturala ez izan. Euskal Herrian bi erbi espezie aurki daitezke: Erbi arrunta eta iberiar erbia.
Erbiak sastrakadi eta belardi gune irekietan bizi dira, normalean landaredi ez oso altuko habitatetan. Ugalketa garaian lurrean metro bateko sakonerako ezkutalekuak (zulo edo depresio modukoak) edo habiak egiten dituzte kumaldia bertan igarotzeko, zulo horiek 3 metroko sakonerakoak ere izan daitezke zenbait espezietan. Kumaldiaren ondoren ezkutalekua lagatzen dute beste kumaldi bat izan arte (urtean 4 baino gehiago izan ohi dituzte), kumaldirik gabeko tarte horretan ar askok ezkutalekua kamuflatuta uzten dute, beste batzuek lurrez estaltzen dute eta beste batzuek, ordea, bere horretan uzten dute (kamuflatu edo estali gabe).
Untxiekiko ezberdinatasunak
Erbi helduek ez dituzte beren kumeak lur azpiko gotorleku batean zaintzen eta kumeak jaio bezain pronto moldatuta daude gotorleku batek eskaintzen duen babes fisikoaren gabezia horretara, erabat iletsuak eta begiak zabaldurik jaiotzen direlako. Untxiek aldiz, lur azpian egiten dituzte beren habiak edo gotorlekuak eta bertan zaintzen dituzte ilerik gabe eta begiak itxita jaiotzen diren kumetxo zaurgarriak.[5] Beraz, erbi kumeak jaio bezain pronto nahiko independenteak izatera hel daitezkeen bitartean untxi kumeak oso dependenteak dira babes fisiko eta amaren zaintzarekiko.
Untxi gehienak taldetan bizi dira eta lur azpian egiten dituzte beren habiak, erbiak, aldiz, nahiko bakartiak dira eta beren habiak oso sinpleak dira, lurraren gainean eginiko depresioek, zuloek edota bestelako ezkutaleku nahiko sinpleek balio diete habia gisa.
Erbiak normalean untxiak baino handiagoak dira, belarri eta atzeko hanka luzeagoekin eta morfologia lirainagoa dute. Erbiak ez dira inoiz etxekotu, untxiak aldiz, duela asko erabiltzen dira maskota zein elikagai moduan (sukalde askotan plater preziatua da). Bitxikeria gisa; "Belgikar erbia" izena hartzen duen maskota, egia esanda ez da erbi bat, gizakiak hautespen artifizialaren bitartez erbiaren antza hartzeko bideratu duen untxi mota bat baizik.[6]
Espezieak
Lepus generoak 34 espezie ditu:
- Lepus generoa
- Macrotolagus azpigeneroa
- Poecilolagus azpigeneroa
- Lepus azpigeneroa
- Proeulagus azpigeneroa
- Eulagos azpigeneroa
- Sabanalagus azpigeneroa
- Indolagus azpigeneroa
- Sinolagus azpigeneroa
- Tarimolagus azpigeneroa
- Incertae sedis
Erreferentziak
- ↑ (Ingelesez) Chapman, Joseph; Flux, John (1990). Rabbits, Hares and Pikas : Status Survey and Conservation Action Plan. IUCN Species Survival Commission (SSC), Lagomorph Specialist Group. p. 2. ISBN 2831700191.. .
- ↑ McGhee, Karen; McKay, George. (2007). Encyclopedia of animals. Washington, DC : National Geographic ISBN 978-0-7922-5937-4. (Noiz kontsultatua: 2024-10-07).
- ↑ «Liebre europea» test.mammalweb.org (Noiz kontsultatua: 2024-10-07).
- ↑ "Jackrabbits, Jackrabbit Pictures, Jackrabbit Facts - National Geographic". Animals.nationalgeographic.com. 11 April 2010. 2010/02/7-an originaletik artxibatua. (Noiz kontsultatua: 2013/01/12).. .
- ↑ (Ingelesez) «What's the Difference Between Rabbits and Hares?» Animals 2014-12-19 (Noiz kontsultatua: 2024-10-31).
- ↑ Wilson, D.E.; Reeder, D.M. (3. edizioa) Mammal Species of the World: A Taxonomic and Geographic Reference (ingelesez). Johns Hopkins University Press. or: 195–205. ISBN 978-0-8018-8221-0. Noiz kontsultatua: 2018-ko Martxoak 28.. .