Emakumezkoen Traineru Ligako 2019ko denboraldiaEuskotren Ligaren hamaikagarren denboraldia izan zen. Orio izan zen txapelduna[1].
Historia
San Juan, Orio, Arraun Lagunak eta Donostiarra ziren Liga jokatu behar zuten traineruak baina 2018ko denboraldiaren amaieran desadostasun handiak izan ziren San Juango zuzendaritza eta arraunlarien artean eta taldea desegin egin zen. Ondorioz San Juanek uko egin zion Ligan parte hartzeari eta play-offetan maila galdua zuen Hondarribia itzuli zen Liga nagusira[2].
Oriok estropada guztiak irabazi zituen, bat ezik, eta Liga eskuratu zuen lehenengo aldiz. Irabazi ez zuen estropada bakarra Arraun Lagunakek irabazi zuen, oraingoan Lekeition[3].
Hondarribia izan zen laugarrena eta play-offak jokatu behar izan zituen. Galiziarrek uko egin zioten eta ondorioz ETE Ligako lehenengo biek hartu zuten parte, Hibaikak eta Zumaiak. Hondarribitarrek bi jardunaldietan irabazita mailari eutsi zioten[4].
TKE Ligan egiten den antzera 2019tik aurrera patroirik onena izendatu zen estropada bakoitzean eta Ligaren amaieran saria jaso zuen. 2019ko denboraldian Nadeth Agirre oriotarra izendatu zuten patroirik onena[5].