Elkarte gastronomiko

Gaztelubide elkarte gastronomikoaren aurrean, Donostiako Danborrada prestatzen.

Elkarte gastronomikoak, Gipuzkoa eta Nafarroako iparraldean soziedade, Bizkaian txoko eta Iruñean peña izenez ere ezagutzen direnak, bereziki Euskal Herrian hedaturik dauden elkarteak dira, helburu nagusitzat bertako bazkide diren lagunei aisirako eta otorduetarako tokia eskaintzea dutenak.

Donostian sortu ziren XIX. mendearen erdialdean, garaiko turismoaren bultzadak ekarritako aisiaren pribatizazioari aurre egin eta bertako taberna eta sagardotegiei ezarritako ordu-murrizketen ondorioz. Geroztik, hasiera batean Gipuzkoara eta ondoren Euskal Herri osora zabaldu eta euskal kulturaren osagai deigarrienetakoa bilakatu dira, koadrila izeneko taldearekin batera. Donostian elkarte gastronomikoak hiriaren ikur dira eta parte hartze nabarmena dute Donostiako Danborradan. Aldi berean, kirol eta kultura ekitaldien bultzatzaileak ere izaten dira.

Hasiera batean eta XX. mendean zehar elkarte gastronomiko anitzek gizonak soilik hartzen zituzten bazkide gisa eta emakumeei debekatu egiten zitzaien, baina egun sexu-bereizketa gainditu den ezaugarria da. Funtzionamenduari dagokionez, taberna arruntetan ez bezala, elkarte gastronomiko bateko kideek eurek hartu, prestatu eta zerbitzatzen dituzte edariak eta janariak, autogestio printzipio batez: irabazi asmorik gabeko elkarteak izanik, aldiro bazkide-talde bakoitzak kontsumitu duena idatzi eta kostua bakarrik ordaintzen du, dagokion dirua kaxa komun batean sartuz eta gastu orokorrak aldiroko kuota batez estaliz.

Ezaugarriak

Elkarte gastronomikoak auzoarekin loturik eratzen dira, auzo bakar batean elkarte zenbait izan badaitezke ere. Bazkideak koadrilak osatzen dituzten pertsonak izaten dira, gizonak tradizionalki. Kideen kopurua aldakorra da: dozena bat lagunetatik ehundik gora bazkideetara. Elkarte gastronomikoaren egoitzan sukalde bat, bazkideek beraiek ekarritakoarekin platerak prestatzeko, eta mahaiak eta aulkiak daude. Ohikoa ez bada ere, elkarte batzuetan sukaldari bat kontratatzen da platerak prestatzeko. Printzipioz elkarteak bazkideentzat soilik badira ere, ohikoa da bazkideak ez diren pertsonak bazkide batek lagunduta elkartera sartu ahal izatea. Garbiketa eta bestelako lanak bazkideen artean egin badaitezke ere, ohikoa da horretarako kanpoko pertsona bat kontratatzea.

Elkarteek bazkide kopuru mugatu bat izaten dute. Bazkide berrien sarrera bazkide batek elkartea utzi edo zendu egiten denean gertatzen da: hautagaia elkarteko bi bazkideren eskutik izena eman eta ondoren elkarteko bazkideen onespena jaso behar du.

Historia

Francoren diktadurapean, txokoak ospetsuago bihurtu ziren bertan euskaldunek estatuaren kontrolpetik at bildu zitezkeen leku bakarretako bat ziren. Bertan, politikaz eztabaidatu ezin zenez, euskaraz aritu eta abestu zezaketen.

Txokoak herrialdeka

Eibar

Eibarren 46 "soziedade" daude 28.000 biztanleentzako.

Iruñean

Sanferminetan elkarte gastronomikoek "peña" dute izena eta jaietako antolakuntzan hartzen dute parte. Emakumeek gizonekin batera hartzen dute parte.

Gernikan

Gernikan txokoak hedatuak daude oso, 15.000 biztanleetatik 9 txoko daude 700 bazkide dituztenak.

Donostian

Donostian daude elkarte gastronomiko famatuenak (Gaztelubide[1], Union Artesana[2]...). Donostiako Danborradan bere parte-hartzea ezinbestekoa da.

Eragina euskal sukaldaritzan

Txokoen garapenak eragin handia izan du euskal sukaldaritzan. Plater tradizional asko txokoek berreskuratuak izan dira, bestela orain galduak izango lirateke. Plater berriak garatzeko ere izan dira inportanteak, bazkideek plater, osagai eta metodo berriak ekarri dituztelako. Bazkideen arteko ezaguera zabaltzeko ere baliagarriak izan dira, egungo zenbait euskal sukaldari handienak (adibidez Martin Berasategi) elkarte gastronomiko hauen kideak izanda.

Erreferentziak

Ikus, gainera

Kanpo estekak

Strategi Solo vs Squad di Free Fire: Cara Menang Mudah!