DoktoreaDoctor Who zientzia fikziozko telesail britainiarreko protagonista da. Fikziozko estralurtarra da, Gallifrey planetakoa, eta "Doktorea" ezizenez ezagutzen da, inork ez baitaki zein den benetako izena. Hortik dator telesailak Doctor Who ("Nor? doktorea") izena izatea[1]. Denboraren Jaunen arrazakoa denez denboran eta espazioan bidaiatzen du TARDIS izeneko ontzian eta denborak agertzen dituen paradoja eta ezjarraitasunak konpontzen saiatzen da. Horretarako laguntzaileak izaten ditu.
Doctor Who zientzia fikziozko telesail luzeena da, 1963an hasi zena eta 1989an eten ondoren 2005ean berriz abiatu zena. Horrelako telesail luzea izanik Doktorea tarteka eraberritu egiten da eta 2024an 15. doktorea izango da protagonista[2].
Istorioan duen papera
Doktorea jatorriz Gallifrey planetakoa den estralurtar bat da, gizaki itxura hartu eta denboran nahiz espazioan bidaiatzen duena[3]. Horretarako TARDIS izeneko aparatua lapurtu eta bere planetatik ihes egin zuen.
Izatez doktorea "Denboraren Jaun" bat da, gelditzen den azkena, eta espazioan edo denboran akatsak eragiten dituzten etsaien aurka borrokatzen du, bereziki dalek izaki zitalen aurka. Baditu beste hainbat etsai ere, ezagunenak cybermanak, The Master, sontaranak, aingeru negartiak eta isiltasuna dira. Borrokarako ordea armak gorrotatu egiten ditu eta bestelako aukerak bilatzen ditu, beste aukerarik ez dagoenean soilik erabiliko ditu[4].
Telesaila abiatu zenean 750 urtetako adina zuen eta aro berriaren hasieran 900 urte baino gehiago zituen jadanik. Atal batzuetan doktorearen itxura desberdinak elkartu izan dira, eta adin desberdina duen doktore bera ere bai.
Doktoreak bidaia-lagunak izaten ditu, lurtarrak gehienetan. Telesailaren aro berrian laguntzaile hauek pisu handia dute istorioan eta dilema moraletan erabaki egokia hartzen laguntzen diote[5].
Doktorearen biografia
Oharra:Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.
Doktorea Gallifrey planetan jaio zen Prydoniar garaian. Denboraren Jaunak bizi ziren planeta da Gallifrey.
Haurtzaroa
Haurtzaroaz ez da asko ezagutzen. Denboraren Jaunen akademian izan zen. Borusa izan zuen irakasle, gerora Kontsilu Goreneko presidentea izango zena. The Master ere akademiako ikaslea izan zen eta garai hartan oso lagunak izan ziren. The Sound of Drums atalean doktoreak zera kontatzen du: "zortzi urte betetzean ikasleek "neurrigabeko zisma" begiratu behar dute, bertan errealitatearen arrakala bat dago eta denboraren zurrunbiloa ikusten da. Batzuk erotu egiten dira (The Master) eta beste batzuk ihes egiten dute". Doktoreari berak zer egin zuen galdetzerakoan "ihes egin nuen, oraindik ez naiz gelditu" erantzuten du[3].
Lungbarrow eleberrian kontatzen da Etxearen matriz genetikoan hazitako 45 aukeratuetako bat zela. Quences Familia Generaleko buruzagiak bazekien Doktorearen patua berezia izango zela eta Badget izeneko tutore robota eraiki zuen eta Doktorea presidente izateko bidea antolatu zuen. Gainerako aukeratuek bekaizkeriz begiratzen zioten eta Glospin izeneko lehengusuak bullyinga egiten zion, bai eta Satthralope zerbitzariak ere. Doktoreak Quencesen planei muzin egin zien eta familiatik kanporatu zuten. Doktoreak orduan TARDIS bat lapurtu eta Gallifreyrtik ihes egin zuen. Lurrean ezkutatu zen orduan.
Familia
Ez da askorik esaten Doktorearen familiaz. Lehenengo bi denboraldietan iloba izan zuen bidaia-lagun, Susan Foreman. Behinola galdetu zioten ea anai-arrebarik bazuen eta "orain ya ez" erantzun zuen. Hamargarren eta hamaikagarren doktoreari tarteka galdetu izan diote ea seme-alabarik ba ote duen eta ez du erantzuten.
The Doctor's Daughter atalean Doktorearen alaba agertzen da. Doktorearen material genetikoa lapurtu eta ondoren sorturikoa da. Jenny du izena eta berehala ohartzen da alaba duela. Bitxikeria gisa, Jennyren papera Georgia Moffett-ek egiten du, Doktorearen papera betetzen duen David Tennanteren emaztea denak[6].
Hamaikagarren doktorearekin haren emaztea izango dena agertzen da, River Song. Denboran kontrako norantzan doazenez 11. doktorearen azken denboraldirarte ez da jakiten[7].
Doktorearen ezaugarriak
Fisiologia
Gizaki itxura du, hala ere badu desberdintasunik. Bi bihotz ditu, sistema baskular bikoitza[8]. Arnas aparatuan ere badu bypass sistema bat, horren bidez biziraun dezake aire gabeko tokian. Gorputzaren barne tenperatura 15-16ºC ingurukoa du eta gai da mota guztietako erradiazio kopuru handiak xurgatzeko. Sentsibilitate handia du eta gai da gizakiak ez diren alienak detektatzeko, odol mota dastamenaren bidez identifikatzeko edota usaimenaren bidez duen kokapena zehazteko.
Mila urtetik gorako adina du (2023an), esan liteke hilezkorra dela. Aldiro itxuraberritu egiten da eta izaera ere aldatzen du. Janzkera ere aldatzen du[9]. Lehenengo garaian esan zen Doktorea 12 aldiz eralda zitekeela, hamairugarrenean extra bat izan zezakeela. Doktoreak arau hori gainditu egin zuen eta 2024rako hamabosgarren doktorea agertuko da. Gehienetan gizonezkoa da, hamairugarrena ordea emakumezkoa izan zen[10].
Atal batzutan doktorearen hainbat bertsio batera ateratzen dira, bi, hiru, bost eta The Invasion of Time atalean hamabi ere bai[3].
Jakintza
Denboraren Jauna da eta zientzian eta teknologian oso aditua da. Unibertsoaren historia guztia ezagutzen du, aurrera eta atzera salto egiten baitu. Ez du denboraren kontaketa lineala gustuko eta aspertu egiten da. Bere buruari "Doktorea" ezizena ematen dio, dirudienez gizakientzako esaten ezinezkoa baita haren benetako izena. Hala ere medikuntza jakintzak oinarrizkoak baino ez ditu, zientzilaria eta injeniaria dela dio berak.
Abentura ugari izaten ditu espazio-denbora hausten duten egoerak konpontzen eta horiek sortarazi dituzten etsaien aurka borrokatzen. Horretarako baditu bere bereak dituen hainbat aparailu eta tresna:
TARDIS: Espazioan eta denboran bidaiatzen duen makina da, Doktoreak soilik gidatzen duena. Barrutik handiagoa da kanpotik baino.
Bihurkin sonikoa: Ultrasoinuak erabiliz hainbat funtzio betetzen dtu; ateak ireki ditzake, azterketa medikuak egin ditzake, tresna elektronikoetatik informazioa ateratzen du...
Paper psikikoa: Zuriz dagoen papera da, erakusten zaionak ordea Doktoreari ongi datorkion informazioa ikusten du. Normalean atea edo pasabidea zaintzen dagoen atezainak ikusten du Doktoreak handik pasatzeko baimena baduela.
2006ko abenduan BBC kateak egindako bozketa baten arabera David Tennant izendatu zuten inoizko Doktorerik onena eta Tom Baker bigarren, baina portzentaietan aldea oso txikia izan zen. Izan ere ordurarte aldiro egin izan ziren ikestatan Tom Baker izaten zen beti irabazlea, 1990ean ezik, orduan Sylvester McCoyk hartu zion aurre[11].