Diego Pérez de los Cobos Orihuel (Yecla, Espainia, 1964)[1] Espainiako Guardia Zibileko koronel bat da,[2] Barne Ministerioari atxikia. Egun, Madrilgo Guardia Zibilaren Komandantziako Burua izan zen 2020ko maiatz arte, eta Segurtasuneko Estatu Idazkaritzaren Bulego Teknikoko zuzendari lanetan aritu zen lehenago.
Francisco Pérez de los Cobos Auzitegi Konstituzionaleko 2011 eta 2017 arteko presidente eta epailea anaia du.[3] 2017ko urriaren 1eko Kataluniako independentziari buruzko erreferenduma eragozteko Polizia Nazionalaren eta Guardia Zibilaren operazio burua izan zen.[4]
Gaztetan, aitak bezala (hura Fuerza Nuevako kidea baitzen), 1978ko Espainiako Konstituzioa onartzearen kontrako kanpainan parte hartu zuen, eta eskuin muturrari lotuta ibili zen.[5] Oso gazterik, 1981eko otsailaren 23ko Espainiako estatu kolpe ahaleginean, boluntario aurkeztu bide zen Yeclako Guardia Zibilaren kuartelera harekin bat egiteko.[6]
ETAk bahitutako Ortega Lara espetxe funtzionarioa askatzeko Guardia Zibilaren operazioan parte hartu zuen (1997).[7] 2017ko urriaren 1eko Kataluniako independentziari buruzko erreferenduma eragozteko ardura izan zuen; Espainiako Fiskaltzak Kataluniako Mossoen, Guardia Zibilaren eta Poliziaren errepresio lana koordinatzeko agintari bakar izendatu zuen.[8]
Erreferendumaren antolatzaileen kontra hasitako prozesuan, 2018ko otsailean, adierazi zuenez, "legea herritarren bizikidetzaren gainetik zegoen".[9] 2020ko maiatzaren 25ean, Grande-Marlaska barne ministroak kargugabetu egin zuen Madrilgo Guardia Zibilaren buru zuen postutik, "konfiantza galdu izana" argudiatuta;[10] izan ere, berak ondutako txosten baten bidez gobernuari Covid-19aren krisian "krimenak egitea" leporatu zioten.[11]
Marlaskak, ekainaren 2an, adierazi zuen Pérez de los Cobos kargugabetzeko arrazoia "8M manifestazioari buruzko txostena plazaratzea" izan zela.[12] Margarita Robles defentsa ministroak, ekainaren 4an, Guardia Zibil barrutik estatu kolpe asmoak gezurtatu eta polizia paramilitar hori goretsi zuen, baita Perez de los Cobosen lana ere.[13]
1992an, Kepa Urrak jasandako torturetan ustez parte hartzeagatik prozesatu zuten, baita Guardia Zibileko haren hiru lankide kondenatu ere horregatik; bera, ordea, errugabe atera zen, froga faltagatik. Biktimaren hitzetan, aldiz, Pérez de los Cobos ahoa eta sudurra itxi zizkion ospitalean zaurituta zetzala.[5] 2004an, ETArekin lotura zuelakoan atxilotutako euskal kamioizale batek, halaber, torturak salatu zituen Madrilgo inkomunikazioan, eta 2020ko ekain hasieran adierazi ere bere torturatzailearen aldamenean ikusita identifikatzen duela Perez de los Cobos.[14][15]
—Pello Alcantarilla, 2020