Dibertsitate Biologikoaren Nazioarteko Eguna (edo Biodibertsitatearen Nazioarteko Eguna) biodibertsitateari Buruzko sentsibilizazioa sustatzeko Nazio Batuek erabakitako nazioarteko eguna da. Gaur egun maiatzaren 22an ospatzen da.[1]
Dibertsitate Biologikoaren Nazioarteko Eguna Nazio Batuen Garapenerako Agendaren Garapen Jasangarrirako Helburuen barruan sartu zen 2015etik aurrera. Nazioarteko lankidetzan oinarritutako ekimen zabal honetan, biodibertsitatearen inguruko hainbat arazo jorratzen dira: nekazaritza iraunkorra, desertifikazioa, lurzoruaren degradazioa eta lehorteak, ura eta saneamenduaren arazoa, osasuna eta garapen jasangarria, energia, zientzia, teknologia eta berrikuntza, ezagutza eta formazio trukea, hirienerresilientzia eta egokitzapena, garraio jasangarria, klima-aldaketa eta hondamendi-arriskuen murrizketa, itsasoak eta ozeanoak, basoak, gizatalde zaurgarriak (herri indigenak barne), eta elikadura-segurtasuna.[2] Bioaniztasunak garapen iraunkorrean duen funtsezko eginkizuna Río+20ren azken dokumentu batean jaso zen: "Nahi dugun mundua: Etorkizuna guztiontzat" dokumentuan, hain zuzen.
Nazio Batuen Nagusiaren Bigarren Batzordeak 1993an erabaki zuenetik 2000ra arte, abenduaren 29an ospatzen zen, Dibertsitate Biologikoari buruzko Hitzarmena indarrean sartu zela ospatzeko. 2000ko abenduaren 20an data aldatzea erabaki zen, ordea, eta maiatzaren 22ra aldatu zen, 1992an, egun horretan, Hitzarmena Rio de Janeiroko Lurraren Gailurrean onartu zela ospatzeko, baina baita, neurri batean, abenduaren amaieran izaten diren beste hainbat ospakizunekin batera ez gertatzeko.[3][4]