Diabetes insipidusa[1] edo diabetes zaporegabea[2]basopresina hormonaren gabeziak (batez ere) eragiten duen gaixotasuna da, uraren galera handia dakarrena, giltzurrunek ez baitute uraren birxurgapena egiten. Gaitzaren sintoma nagusia oso diluituta dagoen gernuaren gehiegizko ekoizpena da (egunero 10 l. baino gehiago kanporatzen dira), gaixoari egarri oso handia eragiten diona (ur galerei aurre egiteko asko edaten baitu).
Antzekotasun semantikoa badu ere, diabete insipidusak ez du ezer ikusirik diabetes mellitus-arekin, bien jatorria eta sintomak oso desberdinak baitira.
Basopresina edo hormona antidiuretikoa (ADH) hipotalamoak ekoizten du, eta hortik hipofisi guruinera (neurohipofisira, hain zuzen) abiatzen da. Hipotalamoa kaltetzen duten hainbat gaitzek (tumorek, traumatismok, gaitz infekziosok...) basopresinaren sintesia inhibitzen dute. Basopresinak uraren birxurgapena areagotzen du giltzurrunetan, gehiegizko ur galerak eragotziz (gernuarekin). Hormonaren ezean giltzurrunetako jarduera okertzen da eta gernuaren iraizketa izugarri handitzen da.
Basopresinaren gabeziaz gain, giltzurrun-tubuluek basopresinarekiko duten erantzun ezak ere diabetes geza eragin dezake.
Gaitzaren ondoriorik larriena balizko deshidratazioarena izaten da.
Tratamenduari dagokionez gaitzaren jatorria aztertu behar da. Basopresinaren gabezia dagoenean, hormonaren hartzea ezinbestekoa da, pilula moduan edo sudur-aerosolaren bidez. Giltzurrunek hormonaren aurrean erantzun egokia ematen ez dutenean, aldiz, beste botika batzuk eman behar dira, gernuaren gehiegizko iraizketa ekiditen dutenak.
Erreferentziak
↑Euskalterm: [Gaixotasunak Hiztegia] [2015] eta [Nefrourologia Hiztegia] [2016]