Cromwell itsaslasterra[1] (edo Pazifikoko Kontralaster Ekuatoriala) Ozeano Barean ekuatore osoan zehar beste itsaslaster batzuen azpitik igaroz ekialderantz isurtzen den itsaslaster bat da.
Cromwell itsaslasterra Townsend Cromwell ikertzaileak aurkitu zuen 1952an. Itsaslasterrak 400 km-ko zabalera du, eta ekialderantz higitzen da. Ozeano Bareko azaletik 300 metrora dago, eta, beste itsaslaster batzuen aldean, ez da oso lodia, 30 bat metro baino ez. 13.000 km luze da, eta haren bolumena Mississippi ibaiarena baino 1.000 aldiz handiagoa da. Haren emaria segundoko 30.000.000 metro kubiko da. Neurtu zaion abiadurarik handiena 1,5 m/s da; haren gainetik mendebalderantz doan azaleko itsaslasterra baino bi aldiz azkarragoa da, gutxi gorabehera.