Christianus Cornelius Uhlenbeck (Voorburg, Herbehereak, 1866ko urriaren 18a - Lugano, Suitza, 1951ko abuztuaren 12a) herbeheretar hizkuntzalari eta antropologoa izan zen.
Errusian egon zen, Herbehereetako gobernuaren mandatuz, historia ikerketak egiten. 1892an, Amsterdamgo unibertsitatean hasi zen sanskritoko eta hizkuntza indoeuroparretako irakasle. Gero, Leidenera joan zen hizkuntza germanikoetako eta gramatika konparatuko eskolak ematera. Hizkuntza anitzi buruz egin zituen azterketak, batez ere Ipar Ameriketako indiarren hizkuntzei eta euskarari buruz. Euskarari buruzko azterketak RIEV eta Eusko Jakintza aldizkarietan argitaratu zituen. Germaniar eta balto-eslaviar hizkuntzei buruz ere egin zituen ikerketak.
1911ko udan, Wilhelmina Maria Uhlenbeck bere emaztearekin batera, Christianus Cornelius Uhlenbeckek Montanako oinbeltz amerindiarren erreserba bisitatu zuen.[1]
Lan nagusiak: Características de la gramática vasca, La lengua vasca y la lingüística general, El carácter pasivo del verbo transitivo, o del verbo de acción, en ciertas lenguas de América del Norte. Ikerketa orokor horietaz gainera, ugari idatzi zuen gai bereziagoez, esaterako, euskal fonetikaz, euskal atzizkiez, eta hizkuntza indoeuroparrekin, kaukasiarrekin eta Afrika iparraldeko hizkuntzekin euskarak izan litzakeen ahaidetasunez. Ohorezko euskaltzain izan zen.