Cheryl Díaz Meyer (Quezon Hiria, Filipinak, 1968ko otsailaren 25a) Filipinetako eta AEBetako fotokazetari independentea da. Argazki-editorea, bideo-sortzailea, ekoizlea, idazlea eta txostengilea ere bada.
Pulitzer eta Visa d’or sariak jaso zituen, gerra-eremuan eta hondamendi-ondoko eremuan egindako lanarengatik.[1][2]
Biografia
Gaztaroa eta ikasketak
Cheryl Díaz Meyer 1968ko otsailaren 25ean jaio zen, Quezon Hirian. Filipinetan eta Japonian hazi zen, eta urtebete igaro zuen Alemanian, eskola-truke batean, 1981ean Estatu Batuetara joan aurretik.[3][4]
Minnesotako Unibertsitatean (Duluth) ikasi zuen, non arte lizentziatura bat lortu baitzuen, alemanezko goragarri eta guzti, eta, gero, Kentucky Western Unibertsitatean, non fotokazetaritzako lizentziatura lortu baitzuen.
Kazetaritza-karrera
Cheryl Díaz Meyer 1993an hasi zen argazkilari-ikasle gisa The Washington Post egunkarian. Hurrengo urtean, Star Tribune-k kontratatu zuen Minneapolisen. Bost urtez lan egin zuen bertan, eta, ondotik, Dallas Morning News-era joan zen.
Texasko egunkariak Irakeko gerra estaltzera bidali zuen. 2003an, Opération Liberté pour l‘Irak erreportajeak Visa pour l’image argazki-jaialdian eguneroko prentsaren Urrezko Bisa eskuratu zuen, Perpinyàn.[5] 2004an, gaurkotasuneko argazkilaritzaren Pulitzer saria irabazi zuen David Leesonekin, “Irakeko gerraren indarkeria eta izaera hunkigarria aldi berean erakusten duten argazki elokuenteengatik”.
Cheryl Diaz Meyerrek, gerra-eremuan egindako lanagatik ezaguna, Harvard Unibertsitateko Nieman Reports-etan berak izandako esperientziak kontatu zituen, 2006an.[6]
2014tik 2017ra, McClatchy Companyren ikusizko editorea izan zen Washingtonen. Panamako paperak delakoari buruzko lanetan parte hartu zuen, zeinak Pulitzer saria jaso baitzuten 2017an.[7]
Bere lana Le Monde, New York Times, Los Angeles Times, Chicago Tribune, China Daily, Newsweek, Der Spiegel eta beste aldizkari batzuetan argitaratu izan da.[8] Hainbat liburutan ere aurki daitezke bere argazkiak, besteak beste, liburu hauetan: Desert Diaries: Photojournalists on the War in Iraq (Channel Photographics-en argitaratua) eta The War in Iraq (Life-n argitaratua).[9]
Cheryl Díaz Meyer Washington Hirian bizi da, eta bertan lan egiten du.
Sariak eta goraipamenak
- 2001: The John Faber Award, Overseas Press Club of America (Dallas Morning News[10])
- 2003: Eguneroko prentsaren urrezko Visa pour l’image jaialdian (Dallas Morning News)
- 2004: David Leeson (Dallas Morning News) gaurkotasuneko argazkilaritzaren Pulitzer saria
- 2017: Gaurkotasuneko argazkilaritzaren Pulitzer saria (McClatchy Company)
- 2018: The Eyes of History: Still Contest (hainbat sari), Etxe Zuriko Prentsa Argazkilarien Elkartekoa (WHNPA), kazetari independente gisa[11]
- 2020: Oversea Press Club of America Feature Photography Award, Comfort Women seriearengatik[12]
Erreferentziak
Ikus, gainera
Kanpo estekak