Autoa Dodge 3700 GT beltz bat zen, Espainian Barreiros enpresak egindakoa. 1971ko apirilean aurkeztu zen modeloa Bartzelonako auto azokan, eta Espainiako Gobernuko autoen zerbitzuak, Parque Móvil Ministerial (PMM) zeritzonak, erosi zuen auto zehatz hau 1971eko abenduan. Zerbitzu horren PMM matrikula zuen autoak, PMM 16416, konbentzio bategatik izendatu zituztelarik zenbait Dodge 16400 zenbakitik gora. Ez zen auto blindatua, baina bai oso sendoa.[1]
Autoa telefonoz ekipatua zegoen, atzeko eserleku baten ondoan, Carrero almirantea esertzen zen tokian.[2]
Atentatua
Autoa bi urtez erabili zuten, eta 1973ko abenduaren 20an, ohiko bidea egin zuen Carrero Blanco barruan zela. Meza entzun zuen San Francisco de Borja elizan Madrilen, eta etxera bidean zihoan Claudio Coello kaletik non prest zeukan lehergailua ETAk, kalearen azpiko tunel batean. 20 metro gorantz altxatu zen autoa eztandan, etxe bateko teilatua gainditu eta barruko patio batean geratu zen. Autoan zihoazen hiru pertsonak, Carrero Blanco, Bueno Fernández eta Pérez Mogena, bertan hil ziren.
Autoaren erlojua une zehatzean helditu zen, goizeko 9ak, 28 minutu eta 40 segundu markatzen ditu harrezkero.[2]
Ondorengoak
Atentatuaren tokitik PMMren garajera eraman zuten autoa, eta epaitegien kontrolpean geratu zen bertan. 1979ko abuztuan Espainiako Lur Armadaren Museora eraman zuten, eta erakusketa publikoan egon zen bertan 1987 arte, Juan Prim eta Eduardo Dato atentatuetan hil zituzten beste ibilgailuen ondoan. 1987tik aurrera Toledo eta Madrilgo instalazio desberdinetan egon zen, baina 2020ko hamarkadan erakusketa publikoan dago berriro Espainiako Lurreko Armadaren Automobil Museoan, Torrejón de Ardoz hirian.
Iruditegia
Aurrealde eta atzealdea, PMM 16416 matrikula originalekin.