Carl Bernstein (1944ko otsailaren 14a), ikerketa-kazetari eta idazle estatubatuarra da.
1972an erreportari gaztea zela The Washington Post egunkarian, Bob Woodward erreportariarekin elkarlanean egin zuen lan; bien artean egin zuten kazetaritza lanik handiena Watergate eskandaluaren berri emateko. Lan horien ondorioz, Richard Nixon orduko presidenteak dimititu behar izan zuen. Gene Roberts kazetari ezagunak izendatu zuen Woodward eta Bernstein gazteen lana “seguruenik sekula egin den erreportaje ahaleginik handiena”.[1] 1973an Bob Woodward eta Carl Bernstein kazetariek Kazetaritzako Pulitzer saria irabazi zuten, Watergate eskandalua argitzeko egindako lanagatik.
Watergateren ostean, Bernsteinek boterearen erabilera eta abusua landu ditu bere liburuetan eta artikuluetan. Telebistarako ere egin du lan, askotan iritzi emale moduan. Sei liburu idatzi ditu, bakarrik edo elkarlanean: All the President's Men, The Final Days, eta The Secret Man, Bob Woodward-ekin batera; His Holiness: John Paul II and the History of Our Time, Marco Politi-rekin (it); Loyalties; eta A Woman in Charge: The Life of Hillary Rodham Clinton. Horrezaz gain, CNN telebista-katean ere lan egiten du, iruzkingile moduan.
Bizitza eta karrera
Bernstein familia judu batean jaio zen, Washington hiriburuan, Sylvia (Walker) eta Alfred Bernsteinen semea. Institutuan zebilela, Silver Chips eskola-egunkarirako lan egin zuen, zabalkunde-arduradun moduan. 16 urte zituela hasi zen kazetaritzan, errekaduak-eta egiten, The Washington Star egunkarian. Han berehala egin zuen gora, baina egunkariak graduatuak eskatzen zituenez bertan idazteko, eta Bernsteinek utzia zuenez ordurako Marylandgo Unibertsitatea, alde egin zuen egunkaritik 1965ean, eta lanean hasi zen New Jersey estatuan, Elizabeth Daily Journal egunkarian.[2] Han zebilela, New Jerseyko Prentsa Elkartearen saria irabazi zuen ikerketa-kazetari moduan egindako lanagatik. 1966an, New Jersey utzi, eta lanean hasi zen The Washington Post, non informazio lokala lantzen baitzuen, estilo berezi batekin.[3]
Watergate eskandalua
1972ko ekainaren 17an, Woodward eta Bernstein erreportari gazteek agindua jaso zuten argitzeko zer gertatu zen Partidu Demokrataren Batzorde Nazionaleko egoitzan, Washington D.C hiriburuaren eraikin batean gertatua, Watergate izenekoa. Bertan, egun batzuk lehenago poliziak lapur ezohikoak atxilotu zituen. Ben Bradllee egunkariko zuzendariaren agindupean, erreportari gazteen lanak agerian jarri zituen Nixon Berrautatzeko Batzordeak Partidu Demokrataren kontra agindutako amarrukeriak, asko eta asko legez kanpokoak.
AEBetako administrazioko goi kargu batek —dezente geroago jakin zen W. Mark Felt zela, garai hartan FBIko bigarrena—, erreportariek “Eztarri urratua” deitu zutena, informazio baliotsua eman zien kazetariei, eta horien erreportajeek AEBetako inoizko eskandalu politikorik handiena eragin zuten: Watergate. 1972ko abuztuaren 1ean erreportari gazteek idatzi zuten Watergaten atxilotutako “iturginak” espiak zirela, eta Richard Nixon Presidentea Berrautatzeko Batzordeak ordaindu ziela. Eskandaluaren ondorioz, 1974ko abuztuaren 8an, Richard Nixon presidenteak dimisioa eman zuen, eskandaluaren hari gehienak harengana iristen baitziren.
1973an Carl Bernstein eta Bob Woodward kazetariek Kazetaritzako Pulitzer saria irabazi zuten, Watergate eskandalua argitzeko egindako lanagatik. Eskandaluaren gaineko liburua, All the President’s Men, libururik salduena bilakatu zen best-seller zerrendetan, AEBetan eta nazioarteko herrialde askotan. 1976an Alan J. Pakula film zuzendariak All the President’s Men filma egin zuen Watergate eskandaluan oinarrituta, Robert Redford eta Dustin Hoffman aktoreekin. Bernstein eta Woodward famatu bihurtu ziren, eta interes handia piztu zuten ikerketa-kazetaritzaren inguruan. 1976an bigarren liburu bat idatzi zuten Watergate eskandaluaren inguruan, The Final Days izenekoa, non kontatzen baita, xehetasun handiz, nolakoak izan ziren Nixon administrazioaren azken egunak.
Hogeita hamar urtez, bi kazetariek eta The Washington Post egunkariko agintari batzuek izan ezik, inork ez zuen jakin izan nor zen “Eztarri urratua” (informazio-iturriari izen hori jarri zioten, garai hartan puri-purian zegoen film pornografiko bat gogoan, izen berekoa), harik eta Vanity Fair aldizkarian haren familiak adierazi zuen arte W. Mark Felt zela. Bernsteinek eta Woodwardek berehala egiaztatu zuten datua, eta liburu bat idatzi zuten, The Secret Man, non kontatu baitzuten Felt-ekin izan zuten harremana.
Watergate ondoren
1977an Bernsteinek The Washington Post utzi, eta hasi zen ikertzen Gerra Hotzaren garaian CIAk eta AEBetako hedabideek zuten harreman sekretua. Artikulua Rolling Stone aldizkariak argitaratu zuen.
ABC News telebistan ere egin du lan. 1980 eta 1984 urteen artean, Bernstein izan zen Washingtongo Bulegoko burua, eta geroago baita berriemaile nagusia. 1982an, eta ABC katearen Nightline saioan zebilela, Israelek Libano inbaditu zuenean, berak jakinarazi zuen Ariel Sharon-ek engainatu egin zituela beste ministroak, benetan esan barik zer asmo zuen inbasio harekin.
ABC utzi eta bi urtera, Bernsteinek liburu bat kaleratu zuen: Loyalties: A Son’s Memoir, non argitara eman zuen bere gurasoak AEBetako Partidu Komunistako kideak izan zirela.
Bernsteinen bigarren emaztea Nora Ephron gidoigileak bion arteko harremanez idatzitako liburuak ez zion mesederik egin kazetariari, sarri agertu baitzen ondorioz txutxu-mutxuetan. Poliziak atxilotu izanak alkoholaren eraginpean gidatuagatik ere kalte egin zion. Baita Hollywoodeko izarrekin izandako agerpenek ere. Hori zela-eta, Katharine Graham The Washington Post-eko jabeak ez zuen gonbidatu egunkariaren 70. urteurreneko jaira.
1992an Bernsteinek idatzi zuen Time aldizkarian Joan Paulo II. Aita Santuaren eta Ronald Reagan AEBetako presidentearen arteko aliantzaz. Geroago, Marco Politi italiar kazetariarekin batera, His Holiness argitaratu zuen, eta bertan aztertu zuen pontifize poloniarrak zelako eragina izan zuen Europako komunismoaren gainbeheran.
1992an “The Idiot Culture” artikulua idatzi zuen The New Republic aldizkarian, eta bertan kritikatu egin zuen gaur egungo kazetaritzaren jokabidea, arinkeriaren eta sentsazionalismoaren aldekoa.
Gaur egun sarri agertzen da telebistetako platoetan gonbidatu gisa. Newsweek/The Daily Beast aldizkarian ere idatzi du.
Bizitza pertsonala
Bernstein hiru aldiz ezkondu da. Lehendabizikoan, Carol Honsa The Washington Post egunkariko lankidearekin; gero Nora Ephron idazle eta zuzendariarekin, 1976tik 1980ra; eta harrezkero, Christine Kuehbeck modelo ohiarekin.
Ephron-ekin ezkonduta zegoela, Bernstein-ek ezagutu zuen Margaret Jay, James Callaghan lehen ministro bitrainarraren alaba eta Peter Jay Bretainia Handiko enbaxadorearen emaztea. 1979an ezkontzaz kanpoko harreman publikoa izan zuten. Ordurako Bernsteinek eta Ephronek bazuten seme bat, Jacob, eta Ephron haurdun zegoen bigarrenarekin, Max. Eskandaluaren ondorioz, haurra epez aurretik jaio zen. Ephron gertakari horietan oinarritu zen 1983an Heartburn nobela idazteko, Bihotzerrea, zeina hiru urte geroago film bihurtu zen, Jack Nicholson eta Meryl Streep aktoreekin.
Ezkondu gabe zegoela, 1980. hamarraldian, Bernstein irten egin zen Bianca Jagger, Martha Stewart eta Elizabeth Taylor aktoreeekin, besteak beste.
Gaur egun New Yorken bizi da, Christine emaztearekin batera.
Pop kultura
All the President’s Men filmean, Dustin Hoffman aktoreak jokatu zuen Bernsteinen rola. Dick izeneko komedian, berriz, Bruce McCulloch aktoreak.
Liburuak
Erreferentziak
- ↑ Roy J. Harris, Jr., Pulitzer's Gold, 2007, p. 233, Columbia: University of Missouri Press, ISBN 9780826217684.
- ↑ Shepard, Alicia C. (May 2, 2008). Woodward and Bernstein. Chapter 1, "The Up and Comers", pp. 1–29. Wiley Publishing. Retrieved February 6, 2014.
- ↑ "WATERGATE: Key Players: Carl Bernstein". The Washington Post. Retrieved February 6, 2014.