Burdinazko etxea Agustin Ibarrola eskultoreak 1989an sortutako burdina eta zementuzko eskultura bat da.[1]
Eskultura Ugaldebieta izeneko parajean dago,[2] A-8 autobidetik Portugaletera sartzeko Ballontiko biribilgunearen erdian; ez dago bertara oinez joaterik.[3]
Eskultura tamaina handikoa da, 12,20 metrotako altuerarekin eta 235 tonatako pisuarekin, hodien itxurazko hauskortasunaren eta zementuaren gogortasunaren artean jokatuz.[2] Zementuzko oinarri baten gainean, 140 burdinazko hodi ezarriak daude, 14 unitateko 10 geruzatan, egitura espirala osatuz; honen gainean, kubo formadun zementu multzo batek burutzen du eskultura.[4]
Eskulturak duen kutsu brutalista dela eta, askotan ikusleen aldetik iruzkin gutxiesgarriak jasotzen ditu.[5]
Ibarrolak Bizkaiko Foru Aldundiaren enkarguz sortu zuen Burdinazko etxea, Portugaleteko industria-garapena irudikatzeko.[1] Eskulturaren fabrikazioa Sestaoko Babcock & Wilcox enpresan egin zen.[6]
Eskulturak jatorrizko izena La Casa de Hierro badu ere, herritar askok lekua Rotonda de los Tubos izenarekin ezagutzen dute.[7]
Burdinazko etxea biribilguneetan eginiko eskulturen "azpigeneroaren" rankingetan agertu ohi da.[8]