Boris Abramovitx Berezovski (errusieraz Бори́с Абра́мович Березо́вский; Mosku, 1946ko urtarrilaren 23a - Londres, 2013ko martxoaren 23a) jatorri juduko matematikari, enpresaburu eta oligarka errusiarra izan zen. Batez ere, Boris Jeltsinen agintaldian, 1990eko hamarkadan, hedabide, negozio eta politikan handikia izan zelako da ezaguna. Errusiako «lapurreta-kapitalismoaren» epitome gisa deskribatu dute, baina berak ukatu egiten zuen garai hartan ekonomia errusiarrak tindatu zuen indarkerian parte hartu izana.[1]
Ibilbidea
Berezovskik dirutza handia egin zuen Sobietar Batasunera Mercedes automobilak inportatuz Perestroikaren azken urteetan, 1980ko hamarkada amaieran eta 1990koaren hasieran. Inportazioarekin egindako lehen milioiekin, AvtoVAZ errusiar konpainiak fabrikatutako ibilgailu familiarren banatzaile gisa ezarri zen; era berean ORT telebista katearen jabe bilakatu zen, Aeroflot berarena, eta Nezavisimaia Gazeta egunkariarena. Apenas 10 urte lehenago, 1986 arte, Kontrol Zientzietako Institutuko matematikari bat zen. Bidean, dena dela, ez zen guztia lasaia izan: 1994an atentatua izan zen bere aurka, bera ez zuten zauritu baina txoferra hil zioten[2].
Lehen negozio espekulatiboetatik, lehengaien jabetzara ere pasatu zen a. Maileguak akzioen truke izeneko programan, zeinean, 1995-1996 urteen artean, Boris Jeltsinek babes politikoaren truke jabetza handiak talde txiki baten eskuetan jarri zituen. Roman Abramovitxekin aliantza eginez, Sibneft petrolio-konpainiaren jabe egin zen orduan Berezovski 100 milioi dolar inguru ordainduta. Urte gutxiren buruan Sibneftek mila milioi dolar balio zituen[3]. Trukean ORT Jeltsinen aldeko propaganda makina bat izan zen. Politikan zuzenean ere sartu zen orduan Berezovski, Segurtasun Kontseilu Nazionaleko presidenteorde izendatu baitzuten.
Urte haietan elkarrizketatzaile bati esan zionez, "nire iritziz, oro har, boterea eta kapitala banaezinak dira. Zerbaitek on egiten badio kapitalari, esan gabe doa nazioarentzat onuragarri dela."[4]
Erbestealdia
21. mendeaerekin gauzak aldatu ziren, Vladimir Putinen agintaldiaren. Hasieran Putini Jeltsinen familian sartzen lagundu zionetako bat izan zen Berezovski, eta Putinentzat oinarri parlamentarioa izan zen lehen alderdia sortzen ere lagundu zuen. Hala ere, Putinek ORT telebista-katearen kontrola berreskuratu zuen eta Errusiako oligarken asmo politikoak leuntzeko maniobretan, batzuk turko-buru izan ziren, eta horien artean Berezovskiri tokatu zitzaion Kremlinaren babesa galtzea (beste galtzaile nabarmen batzuekin batera, hala nola Gusinski eta Khodorkovski).[5] Era berean, 1998an krisi ekonomiko bat egon zen eta petrolioan (Sibneft) zituen interesak galdu zituen Berezovskik behartuta. 21. mendean, bereziki lehengaietan zentratutako oligarkek egin zuten aurrera, eta finantza eta hedabideetakoek atzera egin behar izan zuten[3].
Garai okerrak zetorzkiola azker ikusi zuen Berezovskik eta Londresko desterrura joan zen 2000ko azaroan.
Ondoren, asilo politikoa eman zioten Erresuma Batuan. Ordutik aurrera, publikoki iragartzen zuen misio bat zuela: Putin boteretik kentzea eta Errusia askatzea, baita indarrez.[6][1] Erresuma Batuan beste kritiko batzuekin elkartu zen hala nola Akhmed Zakaiev buruzagi txetxeniarra edo Aleksandr Litvinenko espioi ohia. Litvinenko pozoituta hil zuen operazioa Berezovskiren kontrako maniobratzat ikusi dute zenbaitek; baina izatez, Errusiak kanpaina egin zuen pozoitzailea Berezovski bera izan zela, eta horren kontrako libelo auzi bat irabazi zuen[7].
2013ko martxoaren 23an, Berezovski Londresko bere etxean hil zen. Suizidioa izan zela uste da. Hil aurreko hilabeteek depresioak jota bizi zela argitaratu zen, bereziki Roman Abramovitxekin izan zituen auzietan (Sibneft-eko jabetzak lapurtu zizkiola Abramovitxek zioen Berezovskik) galdu zuelako[8].
Erreferentziak
- ↑ a b El perfil de Borís Berezovski (en inglés) BBC News Visitado el 5 de abril de 2008
- ↑ Mezrich, Ben. (2015). Once upon a time in Russia : the rise of the oligarchs : a true story of ambition, wealth, betrayal, and murder. ISBN 978-1-4767-7191-5. PMC 906031899. (Noiz kontsultatua: 2022-03-06).
- ↑ a b Wood, Tony. (2018). Russia without Putin : money, power and the myths of the new Cold War. ISBN 978-1-78873-124-9. PMC 1023858983. (Noiz kontsultatua: 2022-03-06).
- ↑ (Ingelesez) Hoffman, David E.. (2001). The oligarchs : wealth and power in the new Russia. Public Affairs, 360 or. ISBN 1-58648-001-4. PMC 48221381. (Noiz kontsultatua: 2022-03-07).
- ↑ [http://www.guardian.co.uk/russia/article/0,,1655229,00.html
¡Menudo chanchullo! (en inglés)] The Guardian Consultado el 5 de abril de 2008.
- ↑ La pérdida del poder: Borís Berezovski (en inglés) BBC News Visiatado el 5 de abril de 2008
- ↑ (Ingelesez) «Boris Berezovsky wins libel case over Litvinenko murder» the Guardian 2010-03-10 (Noiz kontsultatua: 2022-03-06).
- ↑ (Ingelesez) «Boris Berezovsky 'was depressed after court battle with Roman Abramovich'» the Guardian 2014-03-26 (Noiz kontsultatua: 2022-03-06).
Kanpo estekak