Beşiktaş JK (izen osoa Beşiktaş Jimnastik Kulübü) Turkiakofutbol talde onenetakoa da, Istanbul hiriko Beşiktaş auzoan egoitza duena. Palmaresari dagokionez Turkiako hirugarren taldea da.
Futbolaz gain beste hainbat kirol ere baditu, baina nagusiki futbolarengatik da ezaguna.
Historia
Kirola egiteko elkartzen ziren 22 gaztek 1903an sortu zuten taldea Istanbuleko Beşiktaş auzoan. Abdul Hamid II.a sultanak turkiarrek futbolean jokatzea debekatu zuen garai hartan eta gazteen berri izatean agenteak bidali zituen bertara baina hauek gimnasia ariketak egiteko elkartu zirela esan zuten. Horregatik Bereket Gymnastic Club izena eman zioten taldeari. Hasiera batean kolore zuri gorriak izan zituen baina 1912-13an Turkiak Balkanetako ia lur guztiak galdu izanaren tristeziak eraginda koloreak beltz-zurira aldatzea erabaki zuten gazte abertzaleek.
Lehenengo garaipenak Istanbuleko txapelketatan izan zituen, lehena 1924ean eta hurrengoak 1934 eta 1954 artean. Turkia osorako antolatu zen Milli Küme liga ere 3 aldiz irabazi zuen.
50. hamarkadaren bukaeran Europako txapelketak antolatu ziren eta bertan parte hartzeko txapelketak sortu zituen Turkiako Futbol Federazioak. 1957 eta 1958koa Beşiktaşek irabazi zituen. 1959an sortu zen Turkiako liga profesionala. Aurreko txapelketa biak palmaresean sar daitezen sarritan eskatu du Besiktasek baina ez diote onartu. Aro profesionalean 13 Liga eta 9 Kopa lortu ditu Beşiktaşek.
2016ko apirilaren 10ean futbol estadio berria estreinatu zuen, Vodafone Arena, 41.903 ikuslerentzako tokia duena. Urte bereko abenduaren 10ean bi bonba-autok eztanda egin zuten partidua jokatu ostean eta gutxienez 38 pertsona hil ziren, hauetatik 30 estadioa zaintzen zuten poliziak. 2016-17 denboraldian Liga irabazi zuen bigarren aldiz jarraian. 2020-21 denboraldia bikaina izan zuen eta Liga eta Kopa eskuratu zituen.