Aurrera Andaluzia (Adelante Andalucía) Andaluziako erakunde politiko bat da. Hasieran, 2018an, ezkerreko alderdi eta ekintzaile ekologista, feminista eta andaluzistek osatu zuten, Andaluziako Parlamentuko 2018ko hauteskundeetan ezkerreko indarrak bateratzeko. Hauteskunde horietan 17 aulki lortu zituzten, baina geroagoko liskarrek talde parlamentarioaren zatiketa ekarri zuten eta 2022ko hauteskundeetan koalizioak erabateko berrantolaketa izan zuen.
Jatorriz, erakunde eta alderdi hauek osatzen zuten koalizioa: Andaluziako Ahal Duguk, Ezker Batuak (Andaluzian Izquierda Unida Los Verdes-Convocatoria por Andalucía izena du) eta Ezker Andaluzista (Izquierda Andalucista) eta Udaberri Andaluziarra (Primavera Andaluza) alderdi andaluzistek. Azken hauek Alderdi Andaluzistaren zatiketaren ondorio dira. Horrez gain, proiektu honetan parte hartu zuten gizarte zibileko hautagai independenteek eta munizipalismotik etorritako hainbat pertsonek.[1][2]Teresa Rodríguez bihurtu zen alderdiaren hautagaia eta kiderik ezagunena.
2020ko maiatzean Andaluziako Antikapitalistak erakundeak bat egin zuen, Ahal Dugutik bereizi ondoren. 2020ko azaroaren erdialdera, Teresa Rodríguezek zuzendutako korronteari atxikitako zortzi diputatu kanporatu zituzten parlamentu-taldetik. Hauxe gertatu zen Inmaculada Nieto, taldearen bozeramaileak, parlamentuaren mahaian transfugismoa salatu zuen ostean. Teresa Rodríguez bera izan zen Mahaiak hartutako erabakiaren ondorioz kanporatutakoetako bat.
Andaluziako Elkarrekin Ahal Dugu eta Aurrera Andaluziaren beste erakundeen arteko banaketaren ondorioz, bost alderdietatik hiru (Ezker Andaluzista, Udaberri Andaluziarra eta Andaluziako Antikapitalistak) eztabaida-prozesu bat hasi zuten «Andaluzia ez da amore ematen» izenekoa. Nahiz eta hauek ia ordezkapenik gabeko alderdiak ziren, parlamentu-taldearen erdia korronte honen parte ziren Rodríguezen zuzendaritzapean. Halaber, Andaluzia Defendatzea alderdi jaioberria erakunde honen parte bihurtu zen.
Eratze-prozesua 2021eko ekainaren 26an amaitutzat eman zuten Aurrera Andaluziaren Asanblada Nazional Eratzailearekin. Etapa berri honetan Aurrera Andaluziak profil andaluzista argi bat hartu zuen bere gain proposamen soberanista, andaluziar eta ekosozialista bat eraikitzeko asmoz.
2018ko martxoan eta apirilean hasi zen koalizioa gauzatzen, hurrengo hauteskundeetara elkarrekin aurkezteko elkarrizketa batzuen harira. Elkarrizketa horietan bat egin zuten Equo alderdi ekologistak eta Andaluziako hainbat alderdi nazionalistek, hala nola Udaberri Andaluziarrak eta Ezker Andaluzistak. Koalizioaren aurkezpen ofiziala 2018ko ekainean egin zen eta hala, Kordoban ospatu zuten haien lehen ekitaldia. Ahal Duguren zuzendaritza zentralak ezarritako tesi zentralistaren aurka, Teresa Rodríguezek beste alternatiba posible bat defendatu zuen. Bere ustez, 2018ko hauteskundeetan ez zen Elkarrekin Ahal Dugu marka erabili behar eta Aurrera Andaluziaren sorrera proposatu zuen bere iritziz Andaluzia subjektu politiko autonomo bat baita. Hortaz, Galiziako En Marea edo Kataluniako En Comúk izandako autonomia defendatu zuen, beste horiek bezala Andaluzia nazio historiko bat baita bere iritziz. Horrez gain, proiektu politiko hori PSOEtik aldendu beharra zuen bere iritziz eta ukatu behar zuen harekin gobernuak osatzearen aukera.[3]
Aurrera Andaluzia 2018ko udan eratu zen eta urte horretako abenduko Andaluziako Parlamentuko hauteskundeetan aurkeztu zen. 2019an udal mailan alderdi honen harira udal proiektuak eratu ziren eta Andaluziako hiri gehienetan aurkeztu ziren urte horretako apirileko udal hauteskundeetan.
Azaroaren 10eko hauteskunde orokorretan Aurrera Andaluziak marka propio bat bezala parte hartu nahi zuen. Alabaina, honek Ezker Batuarengan eta Pablo Iglesiasengan ezinegona eragin zuen. Beraz, ez zen azkenik gauzatu. [4][5] Nolanahi ere, 2019ko abenduan, Aurrera Andaluzia alderdi politiko gisa erregistratu zen Teresa Rodríguezen eta Ezker Batuaren ekimenez.[6]
Tentsioak eta haustura
2020ko otsailean Teresa Rodríguezek eta haren taldeak Ahal Dugutik alde egin zuen Pablo Iglesiasek uko egin baitzion Diputatuen Kongresuan autonomia politiko propioko talde andaluzista bat osatzeari. Hala, Antikapitalistak eta Ahal Duguren arteko haustura gero eta argiago nabarmentzen hasi zen. Horren ondorioz, Rodríguezek bere burua Aurerra Andaluziaren osaketan murgilduko zela adierazi zuen.[7] 2020ko maiatzean, Andaluziako Antikapitalistak alderdia Aurrera Andaluzian bat egin zuen behin betiko eta koalizio honen bostgarren erakundea bihurtu zen.[8][9]
Azken honen sarrerak ezker andaluziarraren ezegonkortasuna ekarri zuen. Ekainean Ezker Batuak Aurrera Andaluzia alderdien erregistrotik erretiratzeko eskatu zuen eta marka etorkizuneko hauteskunde orokorretarako erabili nahi zuela leporatu zion.[10] 2020ko abuztuan krisi handia izan zen alderdiaren barruan, Ezker Batuaren eta Andaluziako Antikapitalisten artean eta elkarri ezkerraren krisiaren errua egotzi zioten. EBk Teresa Rodríguezi eta bere alderdiari leporatu zien Aurrera Andaluziaren sare sozialak bereganatzea. Antikapitalistak Andaluziak, aldi berean, EBri Aurrera Andaluziako kontuetatik dirua ateratzea egotzi zion.[11] Indar politikoen arteko bilera batek tentsioa areagotu egin zuen eta Ahal Duguk Antikapitalistei tentsioen errua bota zien, baina alderdi andaluzistek azken hauen alde egin zuten.[12]
2020ko urriaren 28an talde parlamentarioaren haustura eman zen koalizioko 8 kide kanporatu baitzituzten, besteak beste, Teresa Rodríguez legebiltzar-taldeko lehendakaria. Azken hau amatasun-bajan zegoen momentu honetan. Legebiltzarkide hauek atxikipen politikorik gabeko parlamentarien taldera pasatu ziren eta transfugismoa leporatu zieten. EBk parlamentuko mahaian transfugismo salaketa jarri zuen eta talde guztiek babestu zuten, Herritarrak izan ezik..[13][14] Handik egun batzuetara, kanporatuek kexa bat jarri zuten eta ondorioz, mahaiak Teresa eta gainerako legebiltzarkidei talde parlamentariora itzultzeko aukera eman zien behin-behingoz ebazpena oraindik ez batzuten igorri eta EBri transfugismoa egiaztatzeko beharrezko dokumentazioa eskatu zion.[15] 2020ko azaroaren 18an, mahaiak 9 legebiltzarkideen kanporatzea berretsi zuen, PSOEren, Herritarren eta Voxen aldeko botoekin eta PPren abstentzioarekin. Hortaz, legebiltzarkideak Ez Atxikien Taldera igaro ziren.[16]
2021eko ekainaren 30ean, parlamentu-taldeak idazki bat bidali zion Legebiltzarreko Mahaiari, bere izena Andaluzian Elkarrekin Ahal Dugura aldi baterako aldatzeko. Izan ere, euren ustez Teresa Rodríguez eta antikapitalistek euren aurreko izena usurpatu zieten.[17]
2021eko uztailaren 6an, beste bi diputatuk taldetik joango zirela iragarri zuten eta ondorioz, Andaluzian Elkarrekin Ahal Dugu taldea 6 legebiltzarkide izatera pasa zen eta Aurrera Andaluzia, aldiz, 11.[18]
Berreratzea
2021ean abiatu zen Andaluziak Ez Du Amore Ematen asamblada-prozesua, kanporatutako parlamentariek bultzatua. Prozesu horri bat egin zioten Udaberri Andaluziarra, Ezker Andaluzista eta Andaluziako Antikapitalistak. Beranduago, Andaluzia Defendatzea erakundeak proiektuan sartuko zela jakinarazi zuen.[19] 2021eko maiatzaren 10ean, prozesuan parte hartzen zuten alderdien bozeramale nagusiek nazio mailako batzar eratzaile baten deialdia zabaldu zuten.
Eskualde- eta probintzia-batzarren bidez, dokumentu politikoak garatu ziren. Horiek guztiak Granadan aurkeztu ziren 2021eko ekainaren 26an han ospatu baitzen batzar eratzailea. Andaluziaren duintasun eta askatasunerako proiektu gisa definitu zen antolaketa, andaluzismoaren hirugarren olatua suposatuz. Haren helburu nagusia Andaluzia libre, subirano eta independentea lortzea da, Espainia plurinazional eta federal baten barruan.[20] Ekitaldi horretan, estatuko alderdiaren zuzendaritza berria hautatu zen, eta zerrenda bakarra aurkeztu zen, Teresa Rodríguezek zuzendua, aldeko botoen% 97 lortu baitzuen. Antolatzaileek beste alderdi batzuen agurra eta laguntza jaso zuten, hala nola Compromiso, ERC edo Geroa Bai.
2022ko martxoan, Andaluziako Parlamentuko urte horretako hauteskundei begira Aurrera Andaluziak Teresa Rodríguez aukeratu zuen bere hautagai. Aurrera Andaluzia alderdi gisa, Antikapistalistek, Ezker Andaluzistak eta Udaberri Andaluziarrak bat egin zuten hautagaitza horretan, Andaluzia Defendaturen kanpo-laguntzarekin.[21][22]
Hauteskunde-kanpainan zehar, tentsioa areagotu egin zen Andaluzian, Ahal DugurenAndaluziaren Alde hautagaitza ofizialistak Aurrera Andaluzia hauteskunde-eztabaidetatik baztertzeko eskatu baitzuen. Azkenik, Hauteskunde Batzordeak aukera eman zion honi eztabaidetan parte hartzeko.[23]
Koalizioa hauteskundeetan bostgarren indar politikoa izan zen botoen %4,58rekin. Ondorioz, bi aulki lortu zituen: Cadizen eta Sevillan. Teresa Rodríguez pozik agertu zen emaitzekin, Voxen porrota ahalbidetu zutela esanez.[24] Bestalde, Inmaculada Nietok hauteskundeetan ezkerrak izandako emaitzak txarrak izan zirela adierazi zuen eta Rodríguezi egotzi zion ezkerra banatzearen errua.[25]
Antolaketa
2018ko irailean hauteskundeetarako zerrendak nola osatuko ziren jakinarazi zuen koalizioak. Teresa Rodríguez hautatu zuten azkenean Malagako probintziaren ordezkari izateko eta zerrendako lehen postua lortu zuen. Bitartean, Antonio Maíllo, Ezker Batuaren koordinatzaile nagusia, Sevillako hautagaitzaren lehen tokian egongo zen.
Ondoren, Aurrera Andaluzia osatzen zuten bost alderdiek osatutako talde motore baten bidez antolatu zen. Era berean, tokiko batzarrak sortu ziren zortzi probintzietan. Maila guztietako antolaketak bitartekaritza izaera zuen eta prozesu eratzaile baten zain zegoen.
Gaur egun, Aurrera Andaluzia bere antolamendu-dokumentua kontuan hartuz antolatzen da. Hala, Asanblada Nazional Konstituziogilean hautatu dute bai eta Andaluzia osoan lan politikoa dinamizatzen duen Koordinatzaile Nazionala eta hogei bat eskualde-batzar baino gehiago daude.
Emaitzak kontuan hartuta, autonomia erkidegoetako senatari bat zegokion eta Esperanza Gómez hautatu zuten 2018an horretarako. Azaroko hauteskunde orokorretan Sevillako Más Paísen zerrendaburu izan zenez, senatari-akta utzi zuen.[26][27] Pilar González, Udaberri Andaluziarraren sortzailea eta Dos Hermanaseko zinegotzia, senatari gisa ordeztu zuen 2022rarte.[28]