Arabako Fournier Karta MuseoaArabakoGasteiz hiriburuan dagoen kartei buruzko museo bat da. XV. mendetik gaur egun arte kartek izan duten bilakaeraren inguruko ibilbide historikoa, teknikoa eta tematikoa eskaintzen du. Museoaren bildumak kontinente guztietako karta-sortak ditu.
Ibilbidea Bendaña jauregiko patioan hasten da, non kartak inprimatzeko teknika ezberdinak aurkeztu eta azaltzen baitira.
Bertan, bildumako karta zaharrenetako batzuk ikus ditzakegu, Proventzako karta-sorta edota Rhin garaiko paper orria kasu, Erdi Arokoak biak, baita Espainian XIX. mendean litografiatutako lehen karta-sortak ere.
Museoan arreta berezia eskaini behar zaio Vitoria-Gasteizen Heraclio Fournier Gonzálezek sortu eta haren iloba Félix Alfaro Fournierek jarraitutako Karta-enpresaren historia eta garapenari. Bigarren hau izan zen museo honen bildumaren sustatzailea.
Bigarren solairuko aretoak gaika antolatuta daude: jokoak, literatura, geografia, musika, magia, tarota...
1994az geroztik, Arabako Fournier Karta Museoko egoitza Bendaña jauregian dago. Arrieta-Maestu edo Bendaña jauregia Vitoria-Gasteizko alde zaharraren ekialdean dago. Juan López de Arrietak agindu zuen eraikitzea, 1525ean, Maestuarren Erdi Aroko dorre zaharraren orubean. Haren eraikitzea 1560an bukatu zen.
Hiru solairuko harlanduzko eraikinean Pizkunde bete-beteko antolaketa eta apaingarriak dira nagusi, batez ere, patioko ibilguan. Dena dela, eraikinak gotiko berantiarreko ezaugarri batzuk ere baditu, hala nola: fatxada nagusian dagoen arku zorrozdun atea eta barruko eskaileraren gainean dagoen izar formako ganga oktogonala. Fatxadako dorre zilindrikoa jauregiaren jabeen harrokeriaren sinboloa da.
Arrieta-Maestu jauregia 1886. urtean saldu zuen urte horretan Arrietatarren oinordekotza zuen Bendañako markesak; harrezkero markesaren izenaz ezagutzen da eraikina. Urte batzuk geroago Teodoro de Aguirrek erosi zuen, eta altzarien fabrika eta erakusketarako erabili zuen, harik eta Arabako Foru Aldundiak erosi zuen arte, bai eta zaharberritu eta Fournier Karta Museo bihurtu ere.
Ordutegia
Asteartetik larunbatera: 10:00–14:00 eta 16:00–18:30