Aitor Sarasua

Aitor Sarasua

Ahotsa
Bizitza
JaiotzaAretxabaleta1967ko ekainaren 21a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaItsasu2018ko azaroaren 14a (51 urte)
Familia
Seme-alabak
Haurrideak
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakbertsolaria

Aitor Sarasua Maritxalar (Aretxabaleta, 1967ko ekainaren 21a - Itsasu, 2018ko azaroaren 14a) 1990eko hamarkadan aktibo jardundako bertsolaria izan zen. 1998az geroz plazetako bertsolaritzatik urrundua, Bertsozale Elkarteko eragiletza lanetan ibili zen, bereziki Iparraldeko Bertsularien Lagunak elkartean, Lapurdira bizitzera joan zenean. Maddi Sarasua bertsolariaren eta Ainhoa Sarasuaren aita zen.[1]

Biografia

Aitor Sarasua Aretxabaletan jaio zen familia euskaldun eta euskaltzale batean, sei senidetatik hirugarrena. 7 urte zituela hasi zen Almen ikastolako bertso-eskolan, Eskoriatzan, bertan Xanti Iparragirre, Patxi Goikolea eta Joanito Akizu irakasle zituela. Aitorrekin batera, hantxe ziren Jon anaia, Felix Iñurrategi geroago mendizale ezaguna izango zena, Arantzazu Loidi eta Jon Iñaki Isazelaia, besteak beste. Patxi Goikolearen iritziz, Aitor Sarasua “oso mutiko lasaia eta umoretsua zen”. Ikasle gisa, berriz, “ona, eta bertsoak erraz kantatzen zituena”.[2] Xanti Iparragirrek, bestalde, horrela gogoratzen zuen Aitor: “Bertsolari gisa biziki maite nuen. Zerbait bixia bazuen, ateraldi ederrak egiten zituen. Bixitasun bat atzematen nion. Asko maite nuen haren zorroztasun hori”.

Gaztetatik eskolarteko txapelketa askotan aritu zen. Haietako bitan, Osinalde eta Xenpelar, finalista izan zen.

Aitor Sarasuak hamazortzi urte zituela, eta aprobetxaturik Xabier Euskitze laguna Lekarozen ikasten zuela, Nafarroan, Jon Sarasuarekin batera Urepelera egin zuten hirurek txango, bertan Xalbador bertsolari miretsia ezagutzeko asmoz. Euskitzek Berria egunkarian kontuatu zuenez, bidean galdu, eta ohi baino denbora dezente gehiago behar izan zuten helmugara iristeko. Hiruzpalau egun pasatu zituzten han, kanpin denda batean.[3]

Hogei urte inguru zituela, Arrasate Euskaldun Dezagun AED elkarteko bertso-eskolan aritu zen buru-belarri. Arrasate Telebista lokalean ere zenbait albistegi eta saio berezi aurkeztu zituen, beti ere ordezko aurkezle moduan.[4][5]

1998az geroz plazetako bertsolaritzatik urrunduta, Bertsozale Elkarteko eragiletza lanetan aritu zen. Lapurdira bizitzera joan, eta familia osatu zuen Sarasuak Itsasun. Seaskako ikastoletan aritu zen lanean, teknologia irakasle gisa, eta, gerora, 'Euskaraz Bizi' proiektuaren gidaria izan zen Ipar Euskal Herriko ikastoletan. Bertso eskoletan irakasle izan zen, eta 'Bertsularien Lagunak' elkarteko lehendakaria ere bai.

Gaixoaldi luze baten ondoren hil zen Aitor Sarasua, Von Hippel Lindau (VHL) sindromeak eragindako gaixoaldi degeneratiboa, pixkanaka mugitzeko gaitasun barik utzi zuena. Ezaugarri genetikoek sortutako gaitza da, gorputzean hainbat tumoreren hazkundea eragiten duena.

Bertsogintza

Debagoieneko Almen ikastolako bertso-eskola aitzindarian aritua, 7 urtetatik, anaia eta lagun artean. Jon Sarasua bertsolariaren anaia zen. Gaztetxotatik eskolarteko txapelketetan abiatua, gero gaztetan txapelketa askotan izan zen partaide, sekulan onenetakoa izan gabe: Artxanberri eta Pello Errota (1983, 1985, 1987an), Errexil saria (1984an eta 1988an), Fernando Amezketarra (1985), Leniz bailarako txapelketa (1988 eta 1989an), Lizardi saria (1982-1985), Osinalde saria (1987-1989), Xenpelar saria (1983-1986). Leniz bailarako txapela jantzi zuen 1989an Osinalde eta Xenpelar sariketetako finalista izana da. 1993an Txapelketa Nagusian hartu zuen parte.[6]

Hogei urte inguru zituela, Arrasateko AEDko bertso-eskolako lagunarteak eutsi zion bere bertsozaletasun eta gaitasunari.[7]

Diskogintza

Bertso jarri musikatuekin diskoa kaleratu zuen, Jon Sarasua anaiarekin batera, 1995eanː Fauna txiki bat bertso berritan (Elkar).[8]

2011ko abenduan, Debagoienean egin zen toberarako,[9] disko hartako doinu eta moldeak berreskuratu zituen Sarasuak, Arrasateko herriari gaiztakeria batzuk egozteko; Arratus Kampanzaris deitzen die arrasatearrei bertsoak.[10] (Aitor Sarasuaren fitxan, ahotsari klikatuz hor duzue kantua.)

Omenaldiak

“Hegotik Iparrerantz” omenaldia

2019ko martxoaren 16an, “Hegotik Iparrerantz” izeneko ekitaldi bikoitza antolatu zen Aretxabaletan, Aitor Sarasuaren jaioterrian, beronen omenez. Ekitaldia herritar batzorde batek antolatu zuen, Aretxabaletako Udalaren eta herriko zenbait elkarteren laguntzarekin.[11]

Goizez, mojen komentu izandakoan lagunarteko omenaldia egin zitzaion ehun bat lagunen aurrean, eta bertan Aitor Sarasuaren lagunek, lankide ohiek, zaintzaileek eta familiartekoek anekdotak, bertsoak, kantuak eta ikus-entzunezko materiala partekatu zuten, denak bertsolari ohiarekin lotuak.[12]

Arratsaldeko ekitaldia Aretxabaletako kiroldegian egin zen, eta bertan Mixel Ducau, Caroline Phillips, Anje Duhalde, Mixel Beheran eta Xebastian Sedez musikariek, Miren Artetxe, Andoni Egaña, Amets Arzallus eta Ainhoa Agirreazaldegi bertsolariek eta Ildoka antzerki taldeak parte hartu zuten, eta bertsolariak egindako ibilbidea izan zuen oinarri. Gainera, orain berrogei bat urte Loramendi dantza taldean ibilitako zenbait dantzari elkartu, tartean Jon eta Josu Sarasua anaiak, eta dantza bat eskaini zuten, dantzari ohia gogoan.[13]

Omenaldia aprobetxatu zen dirua batzeko Sendabide elkartearentzat, berau sortu baitzen Von Hippel Lindau sindromea ezagutarazi eta berau osatzeko ikerketa bultzatze aldera. Hain zuzen, VHL sindromeak eragindako gaixoaldi luze baten ondoren hil zen Aitor Sarasua.[14]

Aitor Sarasua Bertsopaper Lehiaketa

"Bertsularien Lagunak" elkarteak bultzatuta, 2022tik aurrera urtero antolatu izan den lehiaketa da. Helburua bertsoaren aldaera guztiak jasotzea da. Bi sailetan banatuta dago ekimena: 16 urtetik beherakoen eta hortik gorakoen artean. Euskal Herri osoko bertsolariak onartzen dira bertan. [15]

Erreferentziak

  1. Ansa, Hodei Iruretagoiena-Mikel P.. «Aitor Sarasua hil da» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-05-15).
  2. «Patxi Goikolea:» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2018-11-16).
  3. Berria.eus. «Bertsoa, irria eta bizi grina» Berria (Noiz kontsultatua: 2018-11-16).
  4. «Joxe Aranzabal on Twitter» Twitter (Noiz kontsultatua: 2018-11-17).
  5. Aranzabal, Joxe. (2019-03-18). «Aitor Sarasua eta Arrasate Telebista» Faroa (Noiz kontsultatua: 2019-03-22).
  6. «Aitor Sarasua bertsolaria hil da» Argia (Noiz kontsultatua: 2018-11-16).
  7. Elkartea, Xenpelar Dokumentazio Zentroa – Bertsozale. «Aitor Sarasua - Biografiak - BDB. Bertsolaritzaren datu-basea» bdb.bertsozale.eus (Noiz kontsultatua: 2018-02-27).
  8. Gan, Juli. (2011-01-26). «La Basque Bondissante: Ursus Tibetanus» La Basque Bondissante (Noiz kontsultatua: 2018-02-27).
  9. «Aitor Sarasua eta Debagoieneko Tobera» Dtobera 2011-12-23 (Noiz kontsultatua: 2018-02-28).
  10. «Tobera: Aitor Sarasuaren kantua Arrasateri jarria» Etxebarri 2011-12-22 (Noiz kontsultatua: 2018-02-28).
  11. «Lagunarteko omenaldi goxoa Aitor Sarasuari» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2019-03-22).
  12. «"Ez daukagu ahazteko guretzat zarena, Aitor"» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2019-03-22).
  13. «Sasoi bateko dantzarien banakoa» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2019-03-22).
  14. «Aitor Sarasua gogoan, VHL sindromearen ikerketa bultzatzea helburu» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2019-03-22).
  15. «Aitor Sarasua bertsopaper lehiaketa abiatu dute» KULTUR SHAREA 2023-01-23 (Noiz kontsultatua: 2023-01-23).

Kanpo estekak

Strategi Solo vs Squad di Free Fire: Cara Menang Mudah!