Bernardo Otaño Jaca Adroguén jaio zen, Buenos Airesko probintzian, 1938ko urtarrilaren 29an. Bernardo Otaño Alberdiren eta Juana Ines Jaca Otañoren semea zen, eta Pedro Mari Otaño poetaren iloba.[4] Aitak Aitor jarri nahi izan zuen jaiotza-agirian, baina erregistroan galarazi zioten; hala ere, izen horri eutsi zion beti.[5]
Haurtzaroan tenisean aritu bazen ere, laster hasi zen errugbian, Champagnat klubean. 17 urte zituelarik, BurzacokoPucarára aldatu zen. Hori izan zen bere bizitzako taldea, 1974an erretiratu zen arte jokatu baitzuen bertan, eten txiki batekin: 1973anBelgranorekin Europan barna egindako bira.[5][6]
1960an jaso zuen Argentinako selekzioaren lehenbiziko deia. Partida uztailaren 23an jokatu zen, Buenos Airesen, eta Frantzia izan zuten aurkari.[oh 1][7] Baina haren unerik gorena
1965ean iritsi zen, kapitaina izan zelarik talde nazionalak Hegoafrikan egin zuen biran.[8][oh 2] Ahaztezina izan zen, batez ere, Junior Springboksen aurkako garaipena (6-11), ekainaren 19an, JohannesburgekoEllis Parken, 40.000 ikusleren aitzinean.[9] 1965ean bertan, Urrezko Olimpia saria jaso zuen, Argentinako urteko kirolariari ematen zaiona.[5]
Denera 26 test-match jokatu zituen Argentinako selekzioarekin, azkena 1971eko abuztuaren 28an, Buenos Airesen, Oxford eta Cambridgeren kontra.[oh 3][10] Orduko belauneko arazoekin zebilen, eta infiltrazioak behar izaten zituen jokatu ahal izateko. Hala ere, beste hiru urtez aritu zen klubean.[5] Zelaiak utzi arren, errugbiari lotua segitu zuen. 1978-1986 bitartean, aldika, Pumen entrenatzailea izan zen, eta zazpiko errugbiko selekzioaren hautatzailea 1997ko munduko txapelketan.[11]
2005eko martxoaren 30ean hil zen, kirurgia ondoko infekzio baten ondorioz.[5] Haren omenez, 2008tikAitor Otaño kopa izaten dute jokoan Pucará eta Belgrano taldeek elkarren kontra aritzen diren partidetan.[12]
Oharrak
↑Frantziarrak 3 eta 37 nagusitu ziren. Abuztuan beste bi partida jokatu zituzten bi selekzioek, eta horiek ere Frantziak irabazi zituen: 3-12 eta 6-29. Aitor Otañok hasieratik jokatu zuen hiru partidetan.
↑1965eko Hegoafrikako bira mugarria izan zen Argentinako errugbiarentzat. Izan ere, ordura arte Argentinako selekzioa ezezaguna zen nazioartean. Taldearen prestakuntzan Izak van Heerden hegoafrikar entrenatzailea aritu zen, Angel Guastella eta Alberto Camardónekin batera. 16 partida jokatu zituzten bi hilabetez eta, Aitor Otaño buru, aurre egin zieten hegoafrikarren errugbi fisiko eta gogorrari: 11 match irabazi, bat berdindu eta 4 galdu. Ellis Parken Junior Springboksi, alegia, Hegoafrikako B selekzioari irabaztea ustekabeko balentria izan zen, taldeari ospe handia eman ziona, eta Aitor Argentinako kirolaren izar bihurtu zuena.