Ahmad Tejan Kabbah (Pendembu, 1932ko otsailaren 16a - Freetown, 2014ko martxoaren 13a) Sierra Leonako presidentea izan zen. Ekonomialari eta abokatua izan zen lanbidez eta urte asko eman zituen NBEn lanean. 1996an Sierra Leonako Herriaren Alderdiko buruzagi aukeratu zuten eta presidentetzarako hauteskundeak irabazi zituen. Sierra Leonako lehen hauteskunde libreak izan ziren. Hala ere, hurrengo urtean boteretik kendu zuten Johnny Paul Koromak zuzendutako estatu-kolpe militar baten ondorioz. Mendebaldeko Afrikako herrialdeen koalizio militar batek boterera itzuli zuen 1998an. Sierra Leonako gerra zibilak eragina izan zuen bere agintaldian. 2002an gerra zibilaren amaiera aldarrikatu zuen eta bigarren agintaldi baterako aukeratua izan zen.