2021eko La Palmako erupzio bolkanikoa 2021eko irailaren 19ko 14:12an (UTC) hasi zen, Kanarietako (Espainia) La Palma uharteko Las Manchas eremuan. Uharteko azken erupzioa da, 1971ko Teneguíaren erupzioaren ondoren, eta 2011ko El Hierro urpeko erupziotik Kanariar Uhartedian gertatutako azkena.[1][2] Erupzioa abenduaren 13an gelditu zen 85 eguneko jardueraren ondoren, eta uhartean erregistratutako erupzio historikorik luzeena izan zen.[3]
2021eko irailaren 9tik, intentsitate txikiko zenbait lurrikara erregistratu ziren, uhartearen hegoaldean. Irailaren 12ra arte 31 mugimendu sismiko izan ziren, eta haien magnitudeak 0,8 eta 2 bitartekoak izan ziren mbLg eskalan.[4]
Astelehenean, hilak 13, 1.500 mugimendu sismiko izan ziren Cumbre Viejan, Fuencaliente, Mazon eta El Pason. Horren ondorioz, alerta horia aktibatu zen (2. alerta-maila, 4ko eskalan) Kanarietako Gobernuaren Babes Zibilerako eta Arrisku Bolkanikoagatiko Larrialdiei Erantzuteko Plan Berezian.[5]
Irailaren 19an, 15:15ean, sumendia erupzioan hasi zen, Las Manchasen hegoaldean.[6][7] Erupzioak gutxienez 5 irekidura zituen. Erupzio prozesua hasi baino ordu batzuk lehenago, Kabildoaren gobernua gutxienez mugikortasun murriztua duten 40 pertsona ebakuatzen hasi zen.[8]
Sumendiak lehenengoz eztanda egin eta hamar egunera haren laba isuria kostaldera heldu zen, 50 metroko plasta moduko delta bat osatuz itsasoan; laba horrek 1.000 gradu inguruko tenperatura zuen.[9] Erupzioko isuriek bidean topatu zituzten herriguneak jan eta estali zituzten, Todoque auzoa nabarmenen;[10] ondorioz, biztanleek leku horietatik alde egin behar izan zuten. Laba isuriez gain, erupzioko errautsek askotariko kalteak eta pertsonen lekualdaketak eragin zituzten.[11]
Data horretatik abenduaren 13 arte sumendia aktibo izan zen. Azken data horretatik aurrera, zientzialariek adierazi zuten Eguberri egunerako aktibo egotearen zantzurik berriz ez ikusiz gero, itzalitzat joko zutela.[12] Abenduaren 25ean, adituek ofizialki amaitutzat eman zuten sumendiko erupzioa.[13]
Erupzioaren aurreko egunetan, La Palmako erupzio bolkaniko batek Estatu Batuetako ekialdeko kosta osoa suntsituko zuen megatsunamia eragin zezakeela dioen bulu bat piztu zen.[14]
Espainiako gobernuko presidente Pedro Sánchez artxipelagora joan zen, bertatik bertara ezagutzeko La Palmaren egoera, koordinazioa eta aktibatutako protokoloak ezagutzeko, eta New Yorkera NBEren Batzarrera joateko bidaia atzeratu zuen.[15]