Boris Johnson Kontserbadorea
2019ko Erresuma Batuko hauteskundeak 2019ko abenduaren 12an izan ziren, ostegunean. Hauteskunde horietan Erresuma Batuko Komunen Ganberaren 58. legealdiko 650 parlamentariak (MP deituak) hautatu ziren, "first-past-the-post" bozkatze-sistema erabiliz, Erresuma Batua osatzen duten lau herrialdeetan.
2017ko hauteskundeetan, Alderdi Kontserbadoreak ez zuen gehiengorik lortu, eta ondorioz gutxiengoan gobernatu zuen bi urtez Alderdi Demokratiko Unionistaren sostenguarekin; eta arazoak izan zituen Brexita gauzatzeko proposamenak eta legeak parlamentutik igarotzeko. Egoera estu horrek Theresa May aurreko Lehen Ministroaren dimisioa eragin zuen.
2019ko uztailean, Mayren dimisioaren ondoren, Boris Johnson hautatu zuten Alderdi Kontserbadorearen buruzagi, eta Lehen Ministro bihurtu zen jarraian. Johnsonek ez zuen lortu parlamentuak haren Brexit akordio berria onartzea urri amaieran, eta hauteskunde orokorretara deitu zuen blokeoa gainditzeko asmoarekin. Komunen Ganberak hauteskunde deiaren alde 480-20 bozkatu zuen, eta hauteskundeen data abenduaren 12an ezarri zen.[2] Inkestek laboristekiko alde handia eman zieten kontserbadoreei hauteskunde kanpaina osoan zehar.[3]
Hauteskunde egunean, Alderdi Kontserbadoreak 80 eserlekutako gehiengoa eskuratu zuen. Kontserbadoreek 48 ordezkari irabazi zituzten aurreko hauteskundeekiko, eta botoen %43,6 lortu zuten, edozein alderdiren ehunekorik handiena 1979tik.[4] Kontserbadoreen garaipen berrietako asko laboristen "horma gorrian" izan ziren, historikoki Alderdi Laboristaren alde egin zuten Ingalaterra iparraldeko barrutietan. Izan ere, Alderdi Laboristak 202 ordezkari bakarrik lortu zituen, 1935etik lortutako kopururik txikiena.[5] Eskoziako Alderdi Nazionalak (SNP) 13 eserleku egin zuen gora, eta Eskoziako botoen %45 bereganatu zuen, Eskoziako 59 eserlekuetatik 48 eskuratuz.[6] Liberal Demokratek aurreko hauteskundeetako sostengua hobetzea lortu zuten arren (%11,6), ordezkari bat gutxiago lortu zuten (11 eserleku), eta alderdiaren buruzagia (Jo Swinson) parlamentutik kanpo geratu zen.[7] Ipar Irlandan, Alderdi Demokratiko Unionista (DUP) alderdi handiena izaten jarraitu zuen, baina 2 eserleku galdu zituen, eta SDLP eta Aliantza Alderdia Ganberara itzultzea lortu zuten, 2017an parlamentutik kanpo geratu ondoren.
Hauteskunde emaitzek Erresuma Batua 2020ko urtarrilaren 31n Europar Batasunetik ateratzea ahalbidetu zioten Johnsoni. Alderdi Laboristaren porrotak Jeremy Corbynen dimisioa eragin zuen;[5] eta Jo Swinson Liberal Demokraten buruzagia Komunen Ganberatik kanpo geratu zenez dimisioa aurkeztu zuen ere.[7] Eskozian, bestalde, SNPren garaipenak bigarren independentzia erreferendum baterako aldarrikapena indartu zuen.[6] Hauteskunde hauetan, lehenengoz Irlandako zatitzetik, errepublikanoek unionistek baino ordezkari gehiago lortu zituzten Ipar Irlandan (8 errepublikano eta 7 unionista).
2016ko uztailean, Theresa May Erresuma Batuko Lehen Ministroa bihurtu zen David Cameronen dimisioaren ondoren. Haren alderdia (Alderdi Kontserbadorea eta Unionista) 2010eko hauteskundeetan heldu zen gobernura, eta ordutik Erresuma Batua gobernatu izan zuen, Liberal Demokratekin hasieran, eta bakarrik 2015etik. 2017ko hauteskunde orokorretan, May-k zeukan gehiengoa galdu zuen, baina gobernuan jarraitu ahal izan zuen Ipar Irlandako Alderdi Demokratiko Unionistarekin (DUP) sinatutako akordio bati esker. DUP alderdiaren eta parlamentari kontserbadore askoren oposizioa dela eta, May-k ezin izan zuen Europar Batasunarekin adostutako Brexit akordioa onartu 2019ko martxoaren 29rako, eta ondorioz Brexit data atzeratzea eskatu behar izan zion Batasunari. Oposizioko Alderdi Laboristak Theresa Mayren gobernuaren aurkako zentzura mozio bat aurkeztu zuen 2019ko urtarrilean, baina ez mozioak ez zuen aurrera egin.[8] 2019ko Europar Parlamenturako hauteskundeetan Alderdi Kontserbadoreak jasandako porrotaren ondoren, May-k dimisioa aurkeztu zuen, eta Boris Johnsonek ordeztu zuen alderdiko buruzagi eta Lehen Ministro gisa, 2019ko uztailaren 23an. Johnsonek Brexit akordio berri bat lortu zuen arren, hark ere ez zuen lortu parlamentuak akordioa onartzea, eta hauteskunde orokorretara deitzen ahalegindu zen, baina hauteskundeak aurreratzeko parlamentuaren bi herenek aurrerapenaren alde egin behar dute, eta Johnsonen gobernuak hauteskundeak aurreratzeko bozketa hiru aldiz galdu zuen Komunen Ganberan.[9]
Hauteskundeetara deitzeko hiru saiakerek porrot egin zuten, parlamentuaren sostengua ez baitzuten lortu: Ganberak "lehenik eta behin akordiorik gabeko Brexita mahai gainetik kentzea" galdegin zion Johnsoni; eta oposizioak "2019ko Europar Batasuneko (Irteera) (2.) Legea" onartu zuen ("Benn Legea" ere deitua, Hilary Benn legea aurkeztu zuen parlamentari laboristagatik), gobernuak Brexit data bigarrenez atzeratzen derrigortzeko. 2019ko urriaren 31ko epemuga baino lehen irteera akordiorik lortu ez zuenez, eta "Benn Legeak" behartuta, Johnsonek Brexit data atzeratzea onartu zuen, eta atzerapenaren ondoren Brexit akordio berria lortu zuen Europar Batasunarekin. Gobernuaren hauteskundeak aurreratzeko proposamena hiru aldiz porrot egin ondoren, parlamentuak Liberal Demokratek eta Eskoziako Alderdi Nazionalak urriaren 28an aurkeztutako hauteskunde aurrerapena onartu zuen. "2019ko Parlamentu Hauteskunde Orokor Goiztiarretarako Legea" (EPGEA laburtuta ingelesez) aldeko 438 eta aurkako 20 botorekin onartu zen; eta hauteskunde data abenduaren 9ra aldatzeko zuzenketa batek ez zuen aurrera egin, aldeko 295 eta aurkako 315 botorekin.[10][11]
Erresuma Batua 650 hautes-barrutitan dago banatuta, 70.000 biztanle ingurukoa bakoitza, eta barruti bakoitzak parlamentari bakarra hautatzen du Komunen Ganberarako, "first-past-the-post" (FPTP) edo "winner takes all" (ingeleraz "irabazleak dena hartzen du") deitutako bozkatze sistema erabiliz. Munduan zehar FPTP sistema oso gutxi erabiltzen den arren, mundu anglosaxoian eta Commonwealtheko herrialdeetan zehar oso hedatutako sistema da (Erresuma Batua, AEB, Kanada, India, ...).
FPTP sisteman, barruti bakoitzean hautesleek aurkezten diren hautagai guztien artean bakarrari eman diezaioke botoa. Hauteskundeen ondoren barruti bakoitzean hautagai bakoitzak jasotako boz guztiak zenbatzen dira, eta boto gehien lortu duena izendatzen da parlamentari, botoen gehiengoa lortu ez arren.
Sistema hori dela eta, hautagai batek barruti baten ordezkaritza lor dezake botoen erdia baino gutxiagorekin, hau da, hautesleen gehiengoak nahi ez duen hautagai batek irabaz ditzake hauteskundeak. Botoen gutxiengoarekin irabaztearen adibide on bat Hego Belfast barrutiko 2015eko hauteskunde emaitzak dira: SDLPren hautagaia botoen %24,5ekin izan zen hautatua, hautesleen gainerako %75,5 ordezkapen gabe utziz.[12]
Erresuma Batua osatzen duten 650 barrutietan zehar 3.415 hautagai aurkeztu ziren, 68 alderdi politiko ordezkatzen guztira. Horien artean 206 hautagai independente aurkeztu ziren (alderdi politikorik ordezkatzen ez dutenak). Erresuma Batua osatzen duten Britainia Handian eta Ipar Irlandan hautagaitza ezberdinak aurkeztu ziren. Hemen Komunen Ganberan edota Europako Parlamentuan eserlekuak dauzkaten edo izan dituzten alderdiak ageri dira.
a "Jendearen Boza" ("people's vote") europazaleek 2. Brexit Erreferendumari jarritako ezizena da.
Beheko grafikoak 2017ko hauteskundeetatik aurrera egindako inkesten emaitzak irudikatzen ditu, Britainia Handiko hauteslei eginak batez ere. Marraztutako marrak azken 15 inkesten batez-bestekoa irudikatzen du, eta amaierako borobil handiagoek hauteskundeen benetako emaitzak adierazten dituzte.