2003ko Korrika edo 13. Korrika Euskal Herrian zehar ospatzen den Korrika jaialdiaren hamahirugarren edizioa izan zen. AEK elkarteak antolatu zuen eta ekitaldi honetan Ez Dok Amairu mugimendua omendu zen. AEKrekin Herri bat geroa lantzen leloa izan zuen.
Ibilbidea
Mauleko kioskoan abiatu zen Korrika apirilaren 4an eta Iruñean bukatu hilaren 13an. Jean Louis Davant euskaltzainak egin zuen lehenengo kilometroa. Korrika hasi baino hilabete t'erdi lehenago gertatu zen Euskaldunon Egunkariaren itxierak markatu zuen edizio hau. Mezua Egunkariko zuzendaria zen Martxelo Otamendik idatzi eta irakurri zuen Iruñeko Foruen plazan. Korrika amaitzen ari zela Nafarroako Gobernuak debekatu egin zuen Korrika herrialde hartan sartzea baina epaitegiek atzera bota zuten Gobernuaren erabakia.[1]
Korrika Kulturala
Aurreko urtean bezala, Korrika hasi baino bi hilabete lehenago aurkeztu ziren Korrikaren inguruan antolaturiko ekintzak, bai eta abestia eta bideoklipa ere.
AEK-ren egoera ekonomikoa oso larria zen eta Korrika aurrera eramango bazen ezinbestekoa izan zen Korrika laguntzailea-ren kanpaina eta txartela sortzea. Hurrengo ekitaldietan ere jarraitu du honek.