Ezkerrean barruti bakoitzeko alderdi irabazlea ikus daiteke. Eskuinean eskualde bakoitzeko zerrenda bozen bidez hautatutako biltzarkideak ikus daitezke.
1999ko Eskoziako Legebiltzarrerako hauteskundeak urte bereko maiatzaren 6an izan ziren, eta Eskoziako Legebiltzarraren I. legealdiko 129 legebiltzarkideak hautatu ziren, zeinetatik 73k hautesbarruti bana ordezkatzen zuten. Hauteskundeen ondoren, Donald Dewar laborista Eskoziako lehenengo Lehen Ministroa bihurtu zen.
Legebiltzarrerako lehenengo hauteskundeetan Alderdi Laboristak lortu zuen sostengu handiena, eta 56 eserleku eskuratu zituen, batez ere herrialdearen erdialdean, Glasgow inguruan. Hala ere, gehiengo osotik bederatzi eserlekutara geratu zen, eta erosoago gobernatu ahal izateko koalizio gobernu bat osatu zuen Liberal Demokratekin. Eskoziako Alderdi Nazionala izan zen Legebiltzarreko bigarren alderdia, 35 eserleku lortuz, eta 1974tik alderdiaren emaitzarik hoberenak eskuratu zituen. Eskoziako Alderdi Kontserbadoreak berriz, ez zuen hautesbarruti baten ere ez irabazi, baina ordezkaritza proportzional mistoari esker 18 eserleku eskuratu zituen eskualde bozekin. Bestalde, Eskoziako Alderdi Sozialistak eta Alderdi Berdeak eserleku bana lortu zuten Glasgow eta Lothian eskualdeetan hurrenez hurren.
Eskozia 73 hautesbarrutitan dago banatuta, eta hautesbarruti horiek 8 eskualde osatzen dituzte: Eskozia Erdialdea, Glasgow, Highland eta Uharteak, Lothian, Erdiko Eskozia eta Fife, Eskozia Ipar-ekialdea, Hego Eskozia, eta Eskozia Mendebaldea. Hautesleek bi boto eman behar dituzte: "barruti botoa", haien hautesbarrutiko ordezkaria hautatzeko; eta "zerrenda botoa" edo "eskualde botoa", haien eskualdeko 7 ordezkariak hautatzeko. Bi boto horiek ez dute zertan alderdi berarentzat izan, eta ondorioz alderdien barruti boto kopurua eta zerrenda boto kopurua normalean ez da berdina izaten.
Emaitzak
1999ko Eskoziako Legebiltzarrerako hauteskundeak[1]→