Álvaro Enrique Arzú Irigoyen (Guatemalako Hiria, 1946ko martxoaren 14a - ib., 2018ko apirilaren 27a) guatemalar politikari eta enpresaburua izan zen. 1996-2000 bitartean Guatemalako Errepublikako presidentea izan zen[1].
Biografia
Guatemalako enpresa-munduaren garapenari ekarpen handia egin zion, turismoaren, salerosketaren eta industriaren sektoreetan zenbait enpresa antolatuz eta zuzenduz.
Partido de Avanzada Nacional alderdiaren sortzaileetako bat izan zen, eta alderdi horren idazkari nagusia gero. Guatemalako Hiriko alkate aukeratu zuten 1982ko martxoan, baina estatu-kolpea jo zuten hilabete berean, eta ez zuen kargua hartzerik izan. 1985ean, berriro atera zen alkate, eta 1986tik 1990era bete zuen kargu hori.
1990ean Errepublikako lehendakaritzarako hautagai izan zen, 1991n Kanpo Harremanetarako ministro, eta 1996ko urtarrilean Guatemalako presidente aukeratu zuten. Urte bereko abenduan, helburu garrantzitsu bat lortu zuen: Guatemalako gerrillak, Unión Revolucionaria Nacional de Guatemala (URNG) taldean bilduak, borroka armatua uztea hogeita hamasei urtez gobernuaren aurka borroka egin ondoren eta aginpidea lortzeko bide gisa bozketen bidea aukeratzea. 1997an, Nazioarteko Lankidetzaren Asturiasko Printzea saria jaso zuten Álvaro Arzúk eta URNGk.
2004an Guatemalako Hiriko alkate hautatu zuten, eta ordutik bera izan zen karguan heriotza arte[1].
Erreferentziak