Xikitoak eta perrakak[1][2] (maiz, txikitoak) Zuberoako artzainek asmatutako bertso erotiko edo berdeak dira. Txomin Peillenen arabera, 1962an idatzitako testuan, borda batetik bestera, "ibar batetik bestera artzainek elgarri, holako kobla horietatik botatzen zuten".[3] Beraz, "Xikitoak" denbora pasa moduan uler zitezkeen. Peillenen arabera ehunka ziren ezagutzen ziren xikitoak baina "folklore bildumek baztertzen zituzten, nahiz horiek ere populuaren frutuak izan"; espezialista askoren ustez, poematxo horien edukiak ez ziren egokiak argitaratuak agertzeko. Egitura aldetik, "lauko bertso berdeak" ziren.[4]
Xikitoak gizonek egiten zituzten, eta emakume gutxik entzuten omen zituzten. Horiek entzuterakoan harriduraz hartzen zituzten euren senarrek halakoak esatea[5]. Hala ere, Gidor Bilbaok aurkitutako Arnaut Oihenarten bertsoek[6][7] bestelako irakurketa proposatzen dute, gizonei xikito eta emakumeei perraka esaten zitzaiela[1]. Perraka hitza ez da Orotariko Euskal Hiztegian ageri, bai ordea hitzaren aldaera izan daitekeen perraska.[8]
Adibideak
Igela aldizkarian adibide batzuk jaso ziren. Hona hemen horietako bat:
«
Ahuntzaren buztan txuta, Haren peko xilo hutsa Sarezak sar sudurra Ezkapa ez dakion hutza. Xikito!
»
Igela aldizkarian berean ere "gaurko xuberotar idazle famatu batek", Jon Mirande alegia, era berritu batez idatzitako adibide kultuago jaso zen; orduan, "ederrak" izenarekin jaso ziren.[9]
Arnaut Oihenartek emakumezko batekin egindakoa da honakoa[1]:
«
Jaukizarrea Motil Gaztearen aldeti
Bata hordi, bertze hor(i) ito, orok ez balio bi behito. Hor den putarik handienak erran bezat niri “xikito”. Perraka.
Neskatoren inhardespena
Eztuk hebe hordi ez putarik. Bana hire leinukoetarik dikusaguk, traidor(e) izanez, dilindan ardur(a) urketarik. Xikito.