Abeslari ibilbideari Gasteizen eman zion hasiera, han ikasten zegoela, 1970an. Amets izeneko taldea sortu zuten bost lagunek, gitarra elektrikoekin, euskaraz abesten.[4] Hori Araban eta urte horietan oso gauza berria zen.[5]
1973. urtean bakarkako disko bat kaleratu zuen, eta Iparragirreren hitzekin egindako lehen lana izan zen.[3]
1976an Gontzal Mendibilekin batera bikote osatu eta Zaurietatik dario diskoa grabatu zuten IZ diskoetxerekin.[6][3] Carlos Montero, Asier Loroño, Jose Oliver eta E. Duarte musikariek ere parte hartu zuten diskoan. Orduan Xeberri eta Mendbil urte eta erdiz plazaz plaza aritu ziren, eta guztira 200 kontzertutik gora eman zituzten. Disko horren parte izan zen Kapitalismoak abestia, hitz hauekin hasten dena:[3]
«
Kapitalismoak dakarren
katai ta zapalketa
izan dadila guretzat
indar askatzailea (bis)
»
Bagare abesti ospetsua ere disko horretan zegoen. Euskalki ezberdinetan bagara hitzak dituen aldaerak hitz-joko batean erabiliz, euskararen eta euskaldunen arteko batasunaren aldeko mezu argia du kantak. Honela hasten dira Bittor Kapanagak idatzi zituen hitzak:
«
Araban bagare
Gipuzkun bagera
Xiberun bagire
ta Bizkaian bagara
Baita ere, Lapurdi
ta Nafarran.
Guztiok gara euskaldun
guztiok anaiak gara
nahiz eta hitz ezberdinez
bat bera dugu hizkera
...
»
Bikoiztailea
1981etik aurrera bikoiztaile lanetan aritu zen 30 urtez.[5] Hainbat pertsonaia ezaguni eman zien euskarazko ahotsa, Dragoi Bola marrazkietako Yamtxa pertsonaiari, eta saio-hasierako Goazen lagunok! abesti ezaguna ere hark abestu zuen.[3][7]
Xeberrik ez zuen inoiz huts egin Durangoko zenbait literatura eta euskaltzalek 2014tik antolatutako Hitzez eta Ahotsez irakurraldi girotuan, edizio guztietan hartu zuen parte bere gitarra lagun.[9]