William Forsyth Sharpe (Boston, 1934koekainaren 16a) estatubatuar ekonomista da. Kaliforniako Unibertsitatea Berkeleyn egin zituen ikasketak. 1951n medikuntza-ikasten hasi zen, baina hurrengo urtean ikasketa haiek bertan behera utzi eta enpresa-administrazioko ikasketak egiten hasi zen. 1956an Rand Corporation ikerketa-erakundean sartu zen, ekonomista gisa, eta han ezagutu zuen Markowitz, gerora berarekin batera Nobel Saria jaso zuten ikertzaileetako bat. 1961ean doktoregoa eskuratu zuen, eta Washingtongo Unibertsitateko, Kaliforniako Unibertsitateko eta Stanfordeko irakasle izan da bere karreran zehar. Sharpek garrantzi handiko teoria bat osatu zuen, CAPM edo kapital aktiboen prezioen politika eredua, zeinak azaltzen baitu inbertitzerakoan harturiko arriskuaren eta jaso uste diren etekinen arabera gertatzen dela finantza-merkatuetan inbertsioen prezio-igoera. 1990ean Ekonomiako Nobel Saria jaso zuen Markowitz eta Millerrekin batera, finantza-ekonomian eta enpresen finantzen alorrean egindako ikerketengatik. Ikertzaile gisa ez ezik, zenbait finantza-erakunde eta enpresarentzat lana egina da Sharpe, eta, besteak beste, Ekonomia Ikerketetako Nazio Bulegoko kidea eta Ameriketako Finantza Elkarteko lehendakari izan da. Bere idazlan nagusiak dira Investments (1981, Inbertsioak) eta Fundamentals of Investments (1989, Inbertsioen oinarriak).