Afrodita Miloskoa du berezko izena, baina Venus Milosko gisa da ezagunagoa. Azken finean, jainkosa bera irudikatzen du, maitasunaren eta edertasunaren jainkosa: greziar mitologian, Afrodita, eta, erromatar mitologian, Venus.
Egilea ezezaguna da, baina Alexandro Antiokiakoa izan litekeela uste da. K.a. 130. eta 100. urteen artean egina omen da. 211 cm garai da, eta marmol zuria du materiala. Estatua zenbait zati bereizitan landu zuen egileak, eta atalak elkartu zituen gero. Besoak ez dira sekula aurkitu. Bere garaian, bitxiak zituen jainkosak (besokoa, belarritakoak eta diadema antzekoa), bitxi horiek estatuari lotzeko zuloek adierazten dutenez.
Antonio Climent Carbó idazlearen arabera, «errealismoa, naturalismoa, lasaitasuna eta tristura» transmititzen ditu estatuak. Errealismoa eta naturaltasuna jarrerak adierazten du gehienbat, zutik baina belaun bat erdi tolestua du emakumeak. Jarrera eta begirada pasiboak lasaitasuna adierazten dute, eta aurpegiak, aldiz, tristura. Aipagarria da estatuak adierazten duen mugimendua ere. S itxurako eskemak, aldakaren bihurguneak eta, gerritik behera, kurbaz beteriko mantuak ematen diote mugimendu-sentsazio hori.