Ezartzen den landare zatia txertoa (batzuetan txerto-zotza) edo mentua da, eta aukeratua izan da dituen hosto, lore edo fruituengatik. Berau jasotzen duen landarea txertagaia, txertaka edo mentu-oina, batez ere aukeratua dituen sustrai edo zurtoinagatik.
Txertatu gabeko fruitu-arbolari makatz deritzo[2].
Txinan ere aspalditik erabili izan da txertaketa. VI. mendekoQimin Yaoshu nekazaritza tratatuan, Jie Sixie idazlearena, txertaketa teknika garatuak agertzen dira, eta liburu zaharragoei egiten dio erreferentzia, nahiz eta orain galduak izan.
Bertan erakusten da nola ezarri udare mentuak jujuba edo mingrana mentu-oinetan.
XIX. mendea arte enpirikoki aztertu bazen ere, harrezkero zientifikoki hasi zen analizatzen, batez ere Lucien Daniel edo Hermann Vöchting botanisten eskutik.
Helburuak
Agronomiaren ikuspuntutik, txertaketaren helburua da mentu-oinaren eta mentuaren ezaugarriak bateratzea: mentu-oinarenak batez ere lurrari edo klimari egokitzea, eta mentuarenak, aukeratutako produktuenak (fruitu eta loreak esaterako).
Adibidez, mahatsondoaren kasuan, txertaketak ahalbidetu du Europako barietateak landatzen jarraitzea, amerikar mentu-oinetan, filoxerari aurre egiteko aukeratu zirenak.