Toloñoko Andre Mariaren monasterioa, Aingeruen Andre Mariaren monasterioa edo Toloñoko baseliza izenekin ere ezaguna, Bastidan (Araba) kokaturiko monasterioa da. Toloñoko mendilerroan dago kokaturik, Toloño mendiko gainetik hurbil, belardi batean. XIV. mendean ireki zuten eta Lehen Karlistaldian sute batean suntsitu zen. Gaur egun zutik horma batzuk besterik geratzen ez diren arren, zaharberritze prozesu batean dago.
Historia
José de Sigüenza fraideak San Jeronimoren ordenaren Historia (1595-1605) lanean adierazi zuen Toloñon bazirela gailurrean bizi ziren ermitau batzuk, bizitza espiritual eta penitentea egiten zutelarik bertan. Calahorrako apezpikuak, monasterio hau San Miguel del Monte (Miranda Ebro) monasterioaren menpe utzi zuen.[1]
Ondoren, Toloñoko baseliza independentea izan zitekeela ematen zuen, eta Benedikto XIII.a (antipapa)antipapari baimena eskatu ondoren, monasterio independente modura eratu zen. Toloñoko gailurreko eguraldi gogorrak zaildu egiten zuen monasterioko bizitza.[1] Ordenak ez zien uzten [[|nobiziotza|nobiziorik]] eskatu edo jasotzen, ezin baitzituzten zerekin mantendu. Hala, monasterioan ez ziren nahikoa fraide ospakizunetan formak gorde eta tradizioak mantentzeko, eta lurra lantzeko ere zailtasunak zituzten.[1]
Hala, monasterioa miseria gorrian erori zen eta egoera ikusita, kongregazioak lekua uztea erabaki zuen. 1417an ikertzaileak joan ziren eta egoera uste baino okerragoa izanda, monasterioa uzteko baimena eman zieten, bertan zeuden erlijiosoei eskerrak emanez horrenbeste agoantatu izanagatik. Gauzak honela, San Jeronimoko ordenak Toloñoko fraideak ordenaren beste monasterio batzuetara eramatea onartu zuen.[1]
1422an ordenak monasterioari uko egin zion eta berau Calahorrako apezpikuaren esku utzi, Erremelluri izeneko etxaldearekin batera.
Honek onartu eta Martin Fernandez Bastida bidali zuen bertara kapelau lanak egitera.
Eraikina ondo eraikita zegoen eta eliza kamarina eta sakristia zituen. Erretaula nagusia harri zuriz egina zegoen. Ostatuan 22 gela eta bost sukalde, kapelauarentzat, ermitauarentzat eta zerbitzuarentzat aparteko gelak zeuden, baita Dibisaren kofradiak erabiltzen zuen bilera gela bat ere.[2]
Erreferentziak
↑ abcdde Sigüenza, José. (1595-1605). Historia de la Orden de San Jerónimo. .
↑Espainiako Historia Erret Akademia (1802). Diccionario Geográfico-Histórico de España.. I Liburukia Abadiano-Llodio. Madrid: 376-77 orr.