Atikoan (mendebaldeko aldean) duen inskripzio baten arabera, Senatuak Tito enperadoreari eskaini zion, bera "divus" gisan aipaturik: alegia, horrek esan nahi du enperadorea hildakoan (81. urtearen ondoren) eraiki zela; nolanahi ere, 90. urtea baino lehen.
Titok juduen aurkako gerran lortu zuen garaipena ospatzen du arkuak eta 71. urtean Erromara itzultzean egin zitzaion garaipen-desfilea irudikatzen du.
Historia
Vespasiano 69. urtean, lau enperadoreen urtean, Erromara itzuli zen tronua aldarrikatzera, eta Tito Judean utzi zuen juduen erreboltari amaiera emateko; gerraren ondorioz, Jerusalem zakuratu eta tenplua suntsituta geratu zen. Erromatarren esku geratu ziren ondasun ugarien artean, zazpi besoko argimutila eta zilarrezko tronpak zeuden, arkuko erliebean ikus daitekeen bezala.
Erdi Aroan, Frangipane familia indartsuaren gotorlekuari erantsi zitzaion, eta irudi askotan ageri da almena estalki batekin, harik eta 1823an Raffaele Stern-ek eta Giuseppe Vladier-ek zaharberritze-lan batzuk egin zituzten arte, Pio VII.a aita santuak atikoaren hegoaldean egindako inskripzioak gogoratzen duen bezala.
Lehenago ere egin zitzaion zaharberritze-lanik: lehena XVI. mendetik aurrera, Paulo II.a eta Sixto IV.a aita santuen garaian; lan horien ondorioz, hegoaldean zeuden eraikin batzuk eraitsi eta kontrahorma bat eraiki zen.
Ondoren, arkua Santa Francesca Romana basilikaren (hasiera batean Santa Maria Nova izenaz ezaguna) barnean sartu zen, harik eta 1812-23 bitartean, Sternen eta Vladierren eraberritze-lanen ondorioz, arkua beste elementu arkitektoniko guztietatik aske utzi zen arte.
1901-1902 urteen bitartean kaleen maila jaisteko egindako lanek oinarriak agerian utzi zizkioten.
Arkitekturari dagokionez, Titoren arkua bere tinkotasun eta sendotasunagatik bereizten da Augustoren garaiko arkuetatik (Susako garaipen-arkuarekin aldera daiteke): arkitektura helenistikoaren ereduetatik aldenduta, ziur aski, Erromako kapitel konposatuaren lehen adibidea da.
Arkua Opus Quadratum metodoaren bidez eraiki zen: kapiteletaraino, Greziako marmol pentelikoa erabili zen estaltzeko eta, goiko zatian, aldiz, Carrarakoa; zokaloa trabertinoz estalia da eta haren nukleoa ordea opus caementiciumaz egina da. Augustoren garaiko mailaraino egindako indusketen ondorioz, gaur egun, zimenduak agerian daude. Zokaloaren gaineko zatiak gaur egun trabertinoz estalita ageri dira, baina XIX. mendean egindako eraberritze-lanei zor zaizkie.
Aparatu eskultorikoa
Taulamenduaren gaineko frisoan, sakrifizio eszena bat dago, erliebe handian baina irudi nahiko zakarrekin, Ara Pacisaren aldare gaineko frisoko estilo tipikoki erromatarrari jarraituz (hau da, eragin grekorik gabe); Erromako arte ofizialean “arte plebeio” deitzen den estiloa azaltzen duten adibiderik goiztiarrenetako bat da, osagai irreal eta ez naturalekin egina, sakrifiziora doazen animalien irudietan ikus daitekeen bezala, proportziorik gabe handiagoak baitira gidatzen dituzten zerbitzariak baino. Eszena horretan, beraz, halako joera sinboliko bat antzeman dezakegu, gertakariaren benetako irudikapen egiantzekoa baino areago.
Arkuaren gangan, aldiz, kasetoiez egindako dekorazio aberatsa du, erdian Tito zerura daraman arrano bat irudikatua duena, haren apoteosiari (hil ondorengo jainko bihurtzeari) aipamen eginez. Arkitrabean dagoen friso txiki batean Pompa Triumphalis irudikaturik ageri da.
Erlieberik interesgarrienak arkuaren barruko aldeak apaintzen dituzten bi paneletan daude; juduen aurkako lehen gerraren ondoren Titori Erroman egin zitzaion garaipen-desfilearen bi une oroitzen dituzte. Eskuineko panelean (iparraldean), Tito enperadorea koadrigaren gainean ageri da, Victoria edo Garaipen jainkosak koroatua; koadriga Virtusaren oinezko pertsonifikazioak mugitzen du; bestalde, baliteke koadrigaren alde bietan dauden bi irudi alegorikoak Erroma eta erromatarren herri-espiritua edo senatua eta erromatar jendea izatea. Atzealdean hainbat buru eta fasces lictoriae pilatzen dira. Ezkerreko aldean (hegoaldean), berriz, desfilea Porta Triumpalis izenekoan sartzen da, eskuin-muturrean eskortzo perspektiban irudikatuta. Eszenan Ferculak daramatzaten zerbitzariak, Jerusalemgo tenplutik hartutako ondasunak (zazpi besoko menorahetako bat, otoitz egiteko ogiarendako mahaia edalontzi sakratuekin eta zilarrezko tronpak) eta taula euskarridunak daude; hor, hartu ziren objektuen eta garaitu zituzten hirien inguruko azalpen inskripzioak daude.
Izan ere, helenismoaren lorpenetatik harantzago, bi erliebeotan irudiak beste modu batean kokatu dira espazioan, libre mugituko balira bezala, eta ez ordu arteko ohiko bi edo hiru planoetan. Koadrigaren frisoan, adibidez, erliebe ia osoan irudikatuta dauden zaldi-buruetatik hondoan ozta-ozta silueta gisa margotuta ageri diren lictore eta lantzetara joaten gara; baina bereziki aipatzekoa da Porta Triumphalisen nola lortzen den mugimendua irudikatzea, benetako desfile baten aurrean bageunde bezala. Hain zuzen ere, irudiak ez dira lerro zuzen batean mugitzen, halako bihurgune bat eginez baizik: horrela, ezker aldean, irudiak aurrez aurre edo hiru laurdenetan zizelkatuta ageri dira eta eskuineko muturrean, ordea, bizkarrez, Garaipen Atean sartzen diren bitartean, urruntasun sentsazioa emanez. Era horretan, ikusleari iruditzen zaio desfilea inguruan duela, III. mendetik aurrera garatu zen “barroko” antoninianoan erabilitako joerari jarraituz.