Tia Carroll

Tia Carroll

Bizitza
JaiotzaKalifornia1958ko apirilaren 29a (66 urte)
Herrialdea Ameriketako Estatu Batuak
Hezkuntza
Hizkuntzakingelesa
Jarduerak
Jarduerakabeslaria

Facebook: tiacarroll2 Edit the value on Wikidata

Tia Carroll (Richmond, Kalifornia, AEB, 1958ko apirilaren 29a) estatubatuar soul abeslaria da.[1][2][3][4]

Bere ibilbidean zehar hainbat blues musikari ezagunekin batera ibili da: Jimmy McCracklin, Sugar Pie DeSanto, E.C. Scott, Ray Charles, B.B King edo Patti LaBellerekin, esaterako. Bluesaren erreferente handienetakoa bilakatu da, batez ere, Kalifornian.[4][5]

Bere musika ibilbidea berrogei urte ingurukoa izanik, Tia Carrollek sari ugari jaso ditu, besteak beste, West Coast Blues Hall of Fameren "Urteko emakumezko kantaria" 2007an,[5] Jus Blues Music Fundazioaren "Blues tradizionaleko emakumerik onena" 2008an, "The Band Leader of the Year" 2009an eta "R & B Vocalist of the Year" 2011n. 2016an Northern California Entertainers Music sarietan "Urteko Emakumezko Blues Artista" izendatu zuten, eta 2019an "Golden Gate Blues Societyren Enbaxadorea" saria.

Bere azken diskoa, You gotta have it (2021), Menphisen ematen diren Blast Music Awards sarietan Blues Disko Onenaren sarirako izendatu zuten.

Tia Carroll Kalifornian bizi izan da. Bertan, bere taldeen buru izan da luzaroan, eta grabazio arrakastatsuak egin ditu. Jazz, blues, eta soul musika emanaldi garrantzitsu askotan buru izan da, eta munduan zehar ere bere lana ezagutzera eman du, hainbat jaialdi, klub eta antzokitan. Tia Carrollen Awesome Blues Band kide hauek osatzen dute: Jeffrey James (gitarra), David Sobel (teklatua) eta Michael Rogers (baxua).

Hala ere, Estatu Batuetatik kanpora bidaiatzen duenean, musikari talde desberdinekin abestu ohi du. Hala nola, Italian Lou Leonardi eta bere blues taldea, zein Dany Franchirekin; Brasilen, Igor Prado eta bere taldearekin. Argentinan, Martin Berguez eta bere taldearekin. Mexikon, Emiliano Juarez eta bere taldearekin; Europako biraren barruan, Euskal Herrian, 2024an, Quique Gomez Bandekin (Quique Gómez, armonika, ahotsa; Lucas De Mulder, gitarra; David Salvador, baxua; Guillaume Destarac, bateria).

Aipatutako herrialdeez gain, Tiak Frantzian, Luxenburgon, Suitzan, Estonian, Belgikan, Alemanian, Txilen zein Thailandian ere jo izan du hainbat jazz zein musika jaialditan.

Musikatik bizitzeko zailtasuna dela eta, betidanik bestelako lanak egin ditu Tia Carrollek. Diskoen ia salmenta-kanal bakarra kontzertuak izan dira, beraz, aldi baterako lanak ere egin izan ditu, baina beti kantatzen jarraitu du.

Estatu Batuetako mendebaldeko kostaldeko musika zirkuluetan, Tia Carroll artista gisa ez ezik, irratian ere ezaguna da. Urteetan zehar hainbat saiotan parte hartu izan du, eta beste hainbat irratsaio ere gidatu ditu. San Frantziskoko KPOO irratian tarte bat du, asteazkenero, hiru orduz.

Bizitza eta familia

Bizitzaren zatirik handienean Richmond (Kalifornia, EEBB) inguruan eman du. San Frantziskotik gertu, Badia Eremuko auzo txiki batean jaio eta hazi ziren Tia Carroll eta bere hiru nebak, Tia hiru hirugarrena izan zen. Haurtzaroan, gurasoen lagunartea anitza zen eta jatorri desberdin askotako lagunak zituzten, hori zela eta, beti jende askorekin jardutean, hizkuntza desberdin ugari entzutera, ulertzera, zein eguneroko hizkeran txertatzera ohitu zen.

Etxean organo batekin hazi arren, ez zituen inoiz, ez ama ez aita kantatzen entzun, ezta musika-tresnarik jotzen ikusi ere. Tiaren aitak abestien letrak idazten zituen, eta New Yorken ezagutzen zuen norbaiti bidaltzen zizkion partitura bihurtzeko, hala ere, alabak ez zuen aitaren musikarik ezagutu. Disko-jogailuan eta irratian entzuten zuen musika, eta etengabe kantatzen zuen, txiki-txikitatik. Abestea benetan maite zuela sentitzen zuen. Hori zela eta, haurtzaro zein gaztaroan entzuten zituen musikariak imitatzea gustuko zuen: The Jackson Five, The Temptations, Gladys Knight & the Pips, Aretha Franklin, Stevie Wonder, Ray Charles… Tia Carrollek entzuten zuena abesten zuen.

Musikari ibilbidearen hastapena

80ko hamarkadan hasi zen Tia Carrollen musikari ibilbide publikoa. Garai hartan, emakume heldua zen eta ezkondua. Senarrarekin bizi zen, eta patata frijituak ekoizten zituen lantegi batean ziharduen lanean. Lankide batek parte hartzen zuen bandan abesten hasteko aukera sortu zitzaion, eta Yakety Yak izeneko rock ‘n’ roll bandarekin abesten hasi. Bost urtez jarraitu zuten elkarrekin (1983-1988), harik eta, haurdun geratu eta alabaz erditu zenean, amatasuna eta musika bateratzeko zailtasunarengatik, taldetik baztertu zuten arte. Lantegi berean lanean jarraitu zuen, baina bere musika ibilbideak lehen etena izan zuen.

Bi urteren buruan, beste proiektu batzuetan sartu zen, eta musika berreskuratu zuen. Jimmy Mc Cracklinen taldean bigarren abeslari baten beharra zutela jakin zuen, lankide zuen haren alaba Sue Mc Cracklinen bidez, eta koroak egiten esperientziarik izan ez arren, baietza eman, eta 1990-1993 artean aritu zen taldean kantuan. Lehen aldiz, Estatu Batuetatik kanpo abestu zuen, Edmontonen (Kanada).

Garai hartan, E.C. Scott (Ecrettia Peevy) abeslari eta musikagilearentzat ere abestu zuen, eta bien bitartean gero bere talde propioa izan zena biltzen hasi zen, The Untouchables. Hala, Sugar Pie DeSanto eta Jimmy Mc Cracklinekin lan egiten zuen aldi berean.

Denbora tarte hartan, Tia Carrollen bigarren senarra izan zena ezagutu zuen, eta 1990ean ezkondu ziren. Elkar ezagutu zutenean, Eldridge Tolefree bikotekidea, ez zegoen inongo musika taldetan sartuta, baina urteak aurrera joan ahala, soinuaz, argiztapenez eta ke-efektuez arduratzen hasi eta hamarkada amaierarako abesteari ere ekin zion (Eldridge “Big Cat” Tolefree & His Hipnotic Band izenarekin ezagun egin ziren taldea sortu zuen). 27 urtez egon zinen ezkonduta, 2017an, Eldridge Tolefree hil zen arte.

Musika ibilbidearen bilakaera eta grabazioak

Tia Carrollen lehen diskoa 1997an Wanna Ride izan zen. Rock eragineko lau abesti idatzi eta grabatu zituen. Diska hartan parte hartu zutenak: Jorge Icabellis (baterian), George von Giese (gitarra, baxua), Maureen Smith, Angela Palmer, Sue Mc Cracklin (ahotsak)

1999an bigarren aldiz erditu eta semea zaintzeko etenaldia egitea erabaki zuen. Itzuli zenean, estilo aldaketarako beharra sentitu eta blues musika egiten hasi zen. 2005ean Tia Carroll izenarekin, bigarren diskoa kaleratu zuen. Taldekideak: George von Giese (gitarra), Michael Harper (baxua), Jorge Icabellis (bateria), Sue Mc Cracklin, Eldridge "Big Cat" Tolefree (ahotsa)

Tia Carroll, bere Awesome Blues Band taldeaz gain, 2000ko hamarkadaren hasieran, Dave Matthews Blues Band taldearekin ere aritu zen kantari nagusi gisa bost urtez.

2007an, Oaklandeko zinema-jaialdian estreinatu zen, Robert Philipsonen Ma Rainey 's Lesbian Licks film laburrean parte-harte txiki bat eskaini zioten.

2009an argitaratu zuen hirugarren diskoa, Tia Carroll Live, zuzenekoa izan zen, Hard Work taldearekin: Jimmy Smith (teklatuak), Joel Cohen (gitarra), Artie Chavez (bateria) eta Tom Towers (baxua)

2012an, Igor Prado Band. Blues & Soul Sessions, diskoa argitaratu zen. Brasilgo klub bateko emanaldien grabazioa. Klubak bideo moduan grabatu zituen emanaldi guztiak.

2016ko maiatzean, Tiak Kissed You with My Heart izeneko balada estreinatu zuen. Letrak Michelle Benderrek idatzi zituen, semea galdu zuen ama baten izenean, eta semearen omenez abesteko letra kantatuko zuen norbaiten bila zebilela ezagutu zuten elkar.

2016an argitaratu zen laugarren diskoa Italian grabatu zen. Ghiardelloko VoxRecording-en grabatu zen; Dany Franchi gitarran, Michael Tabarroni baxuan, Emanuele Peccorini baterian, Henry Carpaneto tekletan eta Max Lugli harmonikan. I Wanna Tell You izenburua duen 13 pistako CD honek bluesa eta boogie-woogie erritmoak biltzen ditu.

2018an, Tia Carroll Christmas Classics Gabonetako abesti klasikoen bilduma da. Estudioko lana da, baina musikaririk gabe egina.

2020an, He did it for me lehen gospel diskoa atera zuen. Enkarguz eginiko lana, Andrea Takethia Secreasek Gospel estiloko ehun bat kantu idatzita zituen eta bere ahotsagatik hautatu zuen Tia.

Diskografia

  • Wanna Ride, 1997
  • Tia Carroll, 2005
  • Tia Carroll Live, 2009
  • Igor Prado Band. Blues & Soul Sessions, 2012
  • I wanna Tell you, 2016
  • Tia Carroll Christmas Classics, 2018
  • He did it for me, 2020
  • You Gotta Have It, 2021[4]
  • Ain’t Nobody Worryin, (singlea) 2024

Erreferentziak

  1. «Tia Carroll Blues Band-ek joko du domekan Coliseon» eta kitto! euskara elkartea (Noiz kontsultatua: 2024-11-24).
  2. (Gaztelaniaz) Redaccion. (2024-10-11). «Tia Carroll lleva su blues y soul genuino a Eibar» Canción a quemarropa (Noiz kontsultatua: 2024-11-24).
  3. «Tia Carroll: You Gotta Have It – Cultura Blues» www.culturablues.com (Noiz kontsultatua: 2024-11-24).
  4. a b c (Gaztelaniaz) «Tia Carrol presenta su último disco de blues» La Voz de Galicia 2022-10-15 (Noiz kontsultatua: 2024-11-24).
  5. a b (Gaztelaniaz) Tia Carroll – Teatro Principal de Alicante. (Noiz kontsultatua: 2024-11-24).

Kanpo estekak

Strategi Solo vs Squad di Free Fire: Cara Menang Mudah!