Teresaren hilerria (katalanez: Cementiri civil de Teresa) hilobi bakarra duen hilerria da. Aran aranean dagoen Bausen herrian dago. Kataluniako eta Espainiako hilerri txikienetariko bat da eta, agian, hilerri zibila zaharrena.[1] 2020ko irailaren 18an, Arango Kontseilu Nagusiak Tokiko Intereseko Kultura Ondasuna izendatu zuen.[2]
Historia
Teresa eta Sisco, «Bausenen maitaleak» bezala ezagunak, XX. mendearen hasieran maitemindu ziren. Ezkondu egin nahi zuten, baina parrokiako apaiz katolikoak diru kopuru bat eskatzen zien, 25 pezeta, Aita santuarendispentsa lortzeko, nahiz eta urrunak izan ahaideak zirelako. Apaizari ez zioten jaramonik egin, elkarrekin bizi ziren eta bi seme-alaba izan zituzten. Handik urte batzuetara, Espainiako Gerra Zibilatik ihes egiten, Frantziara erbesteratu ziren.[3]
Teresa, 1916ko maiatzaren 10ean pneumonia batek jota, hogeita hamahiru urtekin hil zen. Apaizak berak, orduan, zera esan zuen: bere erlijioaren arabera emakumea «bekatuan bizi» zenez, ezkondu gabe gizon batekin bizitzen, hileri katolikoan lurperatzeari ezeztz esan zion, «lur bedeinkatuan» lurperatzean profanazio bat izango zelako. Orduan, auzokide guztiek hilerri zibil bat eraikitzea erabaki zuten, eta ordu gutxiren buruan egin zuten Teresa duintasunez lurperatu ahal izateko espazioa. Basa-loreak, belarrak eta sastrakak inguratzen dute hilobi erromantiko hau, emakumearen gorpua intransigentziatik eta intolerantziatik babesteko helburuarekin egina. Hilarriak «Ene Teresa maiteari» idatzia darama.