Teresa Billington-Greig (Preston, 1877ko urriaren 15a - Londres, 1964ko urriaren 21a) Women's Freedom League sortu zuen sufragista izan zen. Horrekin desmarkatu zen Women's Social and Political Union (WSPU) erakunde feministatik.
Biografia
Teresa Billington-Greig Prestonen jaio zen (Lancashire), 1876an, eta Blackburnen hazi zen. William Billington eta Helen Wilson-en alaba zen.[1] Blackburneko eskola katoliko bateko ikaslea izan zen hamahiru urte bete arte, eta, gero, etxetik ihes egin zuen hamazazpi urterekin, Manchesterreko osaba batekin bizitzera joateko. Osabak ikasten jarraitzen utzi zion. Ancoats Unibertsitateko jardueretan parte hartu zuen. 1901etik aurrera, eskola batean irakatsi zuen, eta ateo deklaratu zuen bere burua. Horretarako, bere eskola utzi behar izan zuen, eta eskola judu batean irakatsi, Emmeline Pankhursten laguntzari esker. Alderdi Laborista Independentearekin bat egin zuen. 1904ko apirilean, Equal Pay League adarra sortu zuen Manchesterreko irakasleen sindikatuan, eta borondatezko idazkari bihurtu zen. Women's Social and Political Unionekin (WSPU) elkartu zen 1903ko abenduaren amaieran edo 1904ko urtarrilean, eta, gero, erakundeko txostengile izendatu zuten.[1]
1905ean, Alderdi Laborista Independentearen lanaldi osoko soldatapeko antolatzaile bihurtu zen; 1903tik zen kide, eta James Keir Hardieren laguntzaile bihurtu zen.[2] 1906an, WSPUren filiala sortu zuen Londresen, Annie Kenneyrekin batera, eta publizitatea eta manifestazioak antolatu zituen, besteak beste, 1906ko apirilaren 25ean. Han, Votes for Women bandera zabaldu zuen damen galeriatik, Komunen Ganberako eztabaidan. 1906ko maiatzaren 19an, WSPUren lehen agerpen publiko handia antolatu zuen, East Endetik (Londres) abiatu eta Parlamentura iritsi zena, eta pertsona politiko ospetsuen agerpen publikoak nahasteko ekintzetan parte hartu zuen. Adibidez, 1906ko ekainaren 19an atxilotu zuten Herbert Henry Asquithen etxearen aurrean, Cavendish Squaren, militante-talde batekin egindako erasoan; harekin elkarrizketa bat izatea eskatu zuen. Isuna ordaintzera ala Hollowayko kartzelan bi hilabeteko atxiloaldia igarotzera kondenatu zuten. Daily Mirror egunkariaren irakurle anonimo batek isuna ordaindu eta askatu egin zuten. 1906ko urrian atxilotu zuten berriro, Parlamentua irekitzean egindako manifestazio baten ostean, eta bi hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zioten Hollowayko kartzelan. 1906ko ekainean, Eskoziara joan zen Women's Social and Political Union antolatzeko, besteak beste, Aberdeenen. Frederick Lewis Greig enpresaburu sozialista ezagutu zuen, eta 1907ko otsailaren 8an ezkondu ziren. Bikoteak Billington-Greig izena hartu zuen, eta ezkontideei eskubide-berdintasuna bermatzen zien ezkontza-kontratua egin zuen.
Pankhurstekin zituen eztabaida gero eta ugariagoak zirela eta, dimisioa eman zuen WSPUko soldatapeko antolatzaile gisa, baina, aldi berean, idazkaria eta ohorezko antolatzailea izaten segitu zuen, hots, borondatezkoa.
WSPUko zenbait kidek, tartean Billington-Greigek, gutun bat bidali zioten Emmeline Pankhursti 1907ko irailaren 14an, zeinetan adierazi zuten erakundea gidatzeari buruz zuten kezka. Eta Women's Freedom League (WFL) sortu zuten, Billington-Greig idazkari nazional zuela.[3] 1908an, WFL ordezkatu zuen Emakumeen Nazioarteko Aliantzaren Amsterdamgo Kongresuan. 1910eko ekainean, WFLren bandera eraman zuen Emakumeen Koroatze Prozesuan (en). Hala ere, 1910ean WFLtik dimisioa eman zuen erakundeak militantzia-kanpaina berri bati ekin zionean, 1910eko Conciliation Bill delakoaren porrotaren ondoren.
Beste erakunde batean berehala sartu ez zen arren, Billington-Greigek idazten eta hizlari-lana egiten jarraitu zuen. 1915eko abenduan jaio zen Fiona alabaz ere arduratu zen, eta gerran eta gerraren ondoren bere senarraren jarduera profesionalari lagundu zion, batez ere Women's Billiards Association sortuz.[4] 1937an, Women's Freedom Leaguen lan egin zuen berriro, emakumeen hauteskunde-batzorderako. Margaret Haig Thomasek 1958an sortutako Six Point Group-eko jardueretan parte hartu zuen.
Batez ere mugimendu sufragistaren historiaren gaineko interesa izan zuen, eta biografiak idatzi zituen: The Militant Suffrage Movement liburua, 1911n argitaratua, eta mugimendu sufragistaren politikaren artikulu kritikoak: Feminism and Politics, 1911n Contemporary Review aldizkarian argitaratua, non mugimenduan politika feministarik ez egoteak atsekabetzen baitzuen. Berak ere antzeko kritikak egin zituen argitaratu gabeko testu batean: The Feminist Revolt: An Alternate Policy. Metodo militante komunen ordez (ondasunen aurkako atentatuak, adibidez), sufragistei gomendatu zien taktika desberdinak saiatzeko. Emakumeen eta gizonen artean hezkuntzako eta ezkontzako berdintasunaren alde ere agertu zen.
1964ko urriaren 21ean hil zen, South London Hospital for Women ospitalean.
Argitalpen-jarduerak
1907an, The Woman with the Whip argitaratu zuen. Liburu horretan, sufragista-ekintzetan atxilotutako emakumeei ezarritako zigorren espezifikotasuna nabarmendu zuen; izan ere, haren arabera, sexualak ziren, eta horrek justifikatzen zuen bere erantzuna: berak ere azote bat erabiltzea kanporatze- edo atxilotze-saiakeretan. Hortik zetorkion "azotedun emakumea" goitizena.[5][5] The Militant Suffrage Movement: Emancipation in a Hurry (1911), eta, gero, Consumers in Revolt (1912) eta Women and the Machine (1913) argitaratu zituen.[6]
Erreferentziak
- ↑ a b «Teresa Billington-Greig» Spartacus Educational màj janvier 2020..
- ↑ «Teresa Billington-Greig» WCML..
- ↑ ..
- ↑ McPhee, Fitzgerald, and Billington-Greig, The Non-Violent Militant, p. 21.
- ↑ a b Myriam Boussahba-Bravard. (2014). «Le journalisme comme récit théorisé du militantisme chez Teresa Billington-Greig (Grande-Bretagne, 1877-1964)» Genre et histoire (Association Mnémosyne) (14) Boussahba-Bravard 2014.
- ↑ Myriam Boussahba-Bravard, « Les suffragettes de l’époque édouardienne et l’idéologie d’extrême droite dans l’entre-deux-guerres », in Philippe Vervaecke, À droite de la droite : Droites radicales en France et en Grande-Bretagne au Txantiloi:S-, Presses universitaires du Septentrion, 2012.
Bibliografia
- Myriam Boussahba-Bravard. (2014). «Le journalisme comme récit théorisé du militantisme chez Teresa Billington-Greig (Grande-Bretagne, 1877-1964)» Genre et histoire (Association Mnémosyne) (14) Boussahba-Bravard 2014.
- Myriam Boussahba-Bravard, « Teresa Mary Billington-Greig [Preston, Lancashire 1876 — Londres 1964] », dans Béatrice Didier, Antoinette Fouque, Mireille Calle-Gruber (éd.), Le Dictionnaire universel des créatrices, Paris, Éditions des femmes, 2013 (lire en ligne).
- Elizabeth Crawford, « Mrs Teresa Billington-Greig (1877-1964) », dans The Women's Suffrage Movement. A Reference Guide 1866-1928, Londres, Routledge, 2001, p. 54-56.
- Brian Harrison, Prudent Revolutionaries, Portraits of British Feminists between the Wars, Oxford, Clarendon, 1987.
- Carole McPhee eta Ann Fitzgerald, The Non-Violent Militant, Selected Writings of Teresa Billington Greig, Londres, Routledge, 1987.
- (en) D. Thom, « Greig, Teresa Mary Billington- (1876–1964) », dans Oxford Dictionary of National Biography, Oxford University Press, 2004 (lire en ligne )
Ikus, gainera
Kanpo estekak