Maria Teresa Verdes Elorriaga, Tere Verdes bezala ezaguna (Bilbo, Bizkaia, 1907ko apirilaren 29a - ibim. 1959ko martxoaren 16a) bilbotar aktibista eta militante abertzalea izan zen, EAJko eta Emakume Abertzale Batza (EAB) taldeko kidea. Francoren kontrako euskal erresistentziaren Informazio-Zerbitzuan sartu zen 1937an. Haren lanari esker, bizitza asko salbatu ziren. 1940. urtean atxilotu egin zuten. 1945ean geratu zen aske zigor-murrizketa ugariren eta indultuen ondoren.[1]
Biografia
Tere Verdes, Emeterio Verdes Atxiricaren eta Manuela Elorriaga Mendietaren alaba izan zen. Gazterik hasi zen Verdes liburu-dendan lanean, familiak Bilboko Posta kalean zuen liburu-denda-inprentan.[1]
Garaipen frankistarekin, erakunde ugari debekatu eta desegin zituzten 1936an; haietako bat izan zen Emakume Abertzale Batza. Halere, errepresioak, atxiloketek eta kartzelaratzeek preso zeudenen aldeko elkartasun-sareak bultzatu zituzten.
Alava sarea
Luis Alava Sautuaren omenez “Alava Sarea” deitu izan zaiona (hura izan zen kide nagusietako bat eta 1943an fusilatu egin zuten arrazoi hura zela eta) izan zen Euskadiko presoei babesa emateko eta orduan erbestean zegoen Eusko Jaurlaritzaren eta Euskadiren artean informazioa transmititzeko ekimen garrantzitsuenetako bat. Sareak preso nazionalistei laguntza eman zien. Besteak beste, espetxeen eta kanpoaldearen arteko komunikazio-lerroak irekita mantendu zituen eta informazioa eman zion erbestean zegoen Eusko Jaurlaritzari zein enbaxada ugariri kartzelaratuek jasan behar zituzten egoeraren eta zigorren inguruan. Informazio hura funtsezkoa izan zen Europako herrialdeek presioa egiteko kondenatuen zigorrak arintzeko (batez ere, heriotza-zigorra zutenen kasuan) eta espetxean bizi zituzten baldintzen berri emateko. Horrez gain, oinarrizkoa izan zen espetxe barruan zeudenei herrialdearen eta beren bizitzen bilakaeraren berri (horren inguruko informaziorik ez zutelako) edo kanpoko senideei buruzko albisteak emateko.[2][3]
Alava sareko emakumeak
Sare horren barruan 4 emakumek bete zuten oinarrizko rola: Bittori Etxeberria, erakundea sortzen lehen urratsak eman zituena Elizondotik; Delia Lauroba eta Itziar Mujika Donostiatik, eta Tere Verdes Bilbotik. Emakumeen egitekoak honakoak izan ziren: kartzelen eta atzerrian zegoen gobernuaren arteko komunikazio-bideak mantentzea; arlo militar eta politikoko dokumentuak kanpoan ateratzea; erakundea sendotzea; presoei gerraren eta gerraostearen inguruko informazioa ematea, besteak beste.
Teresa Verdes oinarrizko elementua izan zen atxilotuen egoera prozesalari buruzko informazioa ematen. Gainera, Auditoriako eta Burgoseko Kapitaintza Jeneraleko dokumentuetara sartzeko beharrezko kontaktuak lortu zituen.[2]
Atxiloketa
1940an, Alemaniako Gestapok Eusko Jaurlaritzak Parisen, Marceau kalean, zuen egoitza okupatu zuen eta dokumentazio ugari konfiskatu zuen. Dokumentazio haien artean zeuden sareak eskaintzen zuen laguntza baliotsuari buruzko txostenak. Gestapok berehala eman zion informazioa gobernu frankistari eta, 1940ko abenduan, lehen atxiloketak egin zituzten. Guztiak heriotzara zigortu zituzten 1941ean. Huraxe izan zen auzitegi militar batek heriotzara zigortu zituen euskal emakumeen historiako lehen kasua. Dena den, Vatikanoaren esku-hartzeari esker, haien zigorrak ordezkatu egin zituzten eta Tere Verdesi 25 urteko kartzela-zigorrari ezarri zioten. Hala, gainerako emakumeekin batera, Madrilgo Ventas espetxera eraman zuten.
[4] 1945ean libre geratu zen zigor-murrizketa ugariren eta indultuen ondoren. Askatu ondoren, espetxean zeuden presoen alde lanean jarraitu zuen eta sekula ez zuen galdu euskal aberri desiratu hura lortzeko ametsa.
Heriotza
Tere Verdes Bilbon hil zen 1959ko martxoaren 16an, bularreko minbiziak eraman zuen, frankismo garaian, 50eko hamarkadaren amaieran, 51 urte besterik ez zituela. 2018ra arte ez zuen inoiz omenaldirik jaso, ezta aitorpen publikorik txikiena ere. Halere, argazki zaharretan, Bilboko San Anton elizaren inguruak jendez beteta agertzen dira klandestinitatean egin zitzaion hileta agurrean. [5]
Erreferentziak
Kanpo estekak