Superior[1] (ingelesez: Lake Superior, frantsesez: Lac Supérieur) Amerikako Aintzira Handietatik handiena da. Iparraldean, Kanadako Ontario eta Estatu Batuetako Minnesota estatuak ditu, hegoaldean, berriz, Estatu Batuetako Wisconsin eta Michigan.
Hedaduraz, munduko ur gezako aintzirarik handiena da (82.100 km²); hala ere, Siberiako Baikalek bolumen eta sakonera handiagoak ditu.
Izena
Anishinaabez Gichigami («ur handia») izena du. Zenbait kantutan Gitche Gumee izena ere ematen zaio. Supérieur izena XVII. mendeko frantziar esploratzaileek jarri zioten, Huron aintziraren gainean dagoelako.
Geografia
Superior Aintzira Handien sartaldean dago; denetan goienean dagoena da, itsas mailatik 183 metrora, eta hortik datorkio izena. 25.700 km²-ko eremua du, hots, Txekiar Errepublika baino handiagoa da. 563 kilometroko luzera, 257 kilometroko zabalera eta, batez beste, 149 metroko sakonera ditu[2]. Ekialdean, Michipicoten uhartearen inguruan du sakontasun handiena (406 m). Bestalde, 12.232km3-ko ur bolumena dauka.
Superiorren 210 ibai baino gehiago isurtzen dira, luzeenak Nipigon eta Saint Louis. Hustubidea St. Marys ibaia da, Huronera isurtzen dena. Uharte nagusia Royale da. Estatu Batuen eta Kanadaren arteko muga lerroa Royale uhartetik iparraldera luzatzen da St. Marys ibairaino.
Aintziraren ertzean herri askorik ez da, baina izotzak urtuta egoten diren 6-7 hilabeteetan itsasontzi asko ibili ohi da.
Ekologia
80 arrain espezietik gora deskribatu dira Superior aintziran. Bertako arrainak lutxo arrunta, eguzki-arraina, Fundulus diaphanus, Coregonus hoyi, Salvelinus fontinalis, Lota lota, Coregonus artedi, Acipenser fulvescens, Salvelinus namaycush... eta kanpotik ekarritakoak izokin arrunta, amuarrain arrunta, karpa, ortzadar-amuarraina...
Erreferentziak
Kanpo estekak